GARA > Idatzia > Mundua

Mandelak hobera egin du, baina Hegoafrikan ezkortasuna da nagusi

Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiak «pixka bat hobera egin du» eta tratamenduarekin suspertzen ari da, ospitalean larri bost egun egin dituenean, Jaco Zumba presidenteak adierazi zuenez. Halere, Hegoafrikan Mandelaren osasuna dela-eta ezkor dira.

GARA | JOHANNESBURGO

Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiak hobera egin du apur bat, Jacob Zuma presidenteak atzo adierazi zuenez. Mandela, 94 urtekoa, larunbatetik Pretoriako ospitale batean dago biriketako infekzioak jota.

«Pozik iragartzen dut goizetik Madiba (bere klanaren izen txeratsua) tratamenduari esker suspertzen ari dela», adierazi zuen estatuburuak. Modu honetan, bost egunotan lehenengo aldiz, bere aurrekoaren osasunari buruzko albiste ona eman zuen.

«Oso pozik gaude aurrera egiten ari den moduagatik, aurreko azken egunak oso zailak izan baitira», azaldu zuen Zumak Parlamentuaren aurrean, Presidentetzako aurrekontuaz hitz egin behar zuenean.

Orain arte oso berri gutxi eman dute Hegoafrikako agintariek euren heroi nazionala joan den larunbatean ospitalera eraman zutenetik; betiere haren egoera «oso larria» baina «egonkorra» zela errepikatu dute.

Lehenago ere hiru alditan eraman dute Mandela ospitalera, eta guztietan Hegoafrikako presidenteak tratamenduarekin hoberatzen zela adierazten zuen berehala. Oraingoan, ordea, lehenengo «mezu ona» ez da bosgarren egunera arte iritsi.

«Gaur, ekainaren 12a, Nelson Mandela bizi osorako kartzelatu zuteneko (1964) 49. urteurrena da. Hain garrantzitsua den urteurren horretan, gure pentsamenduak Mandela presidentearekin eta bere familiarekin daude». Apartheidaren aurkako borrokako heroia, 1962an atxilotua, 27 urtez egon zen espetxean.

«Ziur nago, ondo ezagutzen dut-eta, borrokalari ona dela eta laster gurekin izango dela», adierazi zuen Zumak asteartean SABC telebista kateari emandako elkarrizketan. Aitzitik, ezkortasuna da nagusi Hegoafrikan Mandelaren osasun egoera dela-eta. Desmond Tutu artzapezpikuak ere bere laguna «eroso» egoteko otoi egin zuen, ez sendatzeko.

Aurreko egunotan bezala, Mandelaren senideak Pretoriako Mediclinic Heart ospitalean izan ziren; horien artean, bere emazte Graça Machel, alaba Zenani eta hainbat haur ere.

Poliziak zainduta dago ospitaleko sarrera, mundu osotik etorritako kazetariak inguruan adi dauden bitartean. Atzerriko Prentsa Elkarteak komun higikorrak eta ur hornidura eskatu die agintariei. Inguruko apartamentuetako balkoiak alokatu dizkiete atzerriko kazetariei.

Mandelaren biriketako arazoak, aldian behin errepikatzen direnak, Robben Islandeko espetxean egondako garaian erasan zuen tuberkulosiaren aztarnak izan daitezke.

familia

Mandelaren familiak mundu osoko milioika pertsonaren elkartasun adierazpenak eskertu zituen. «Ondo dakigu herrian eta mundu osoan milioika pertsonak `Madiba' euren aita bezala ikusten dutela eta gu bezala bere osasunaz kezkatuta daudela» , esan zuen haren ilobak, Nkosi Zwelivelile Mandelak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo