Josean Alija sukaldariak Nerua jatetxearen «muina» plazaratu du liburu batean
GARA | BILBO
Josean Alija sukaldariak bere lehen liburua kaleratu du, berak jarduten duen jatetxeko gakoak azaltzeko. Michelin izar bat duen Guggenheim museoko Nerua jatetxeko arduraduna da Alija duela 15 urtetik.
Montagud argitaletxeak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu du «Muina» liburua. Bertan, sukaldariak bere nortasun gastronomikoa azaldu du, zeinarentzat barazkiek berebiziko garrantzia duten. Era berean, liburuan ikus dezakegunaren arabera, osagarri berriak deskubritzea eta sorkuntza berritzailea ezinbestekoak dira. «Liburuak erakusten du nor naizen eta zergatik egiten ditudan gauzak, baita berrikuntzarekin dudan harremana, sorkuntza prozesuak, gure sukaldea definitzen duena, plater bakoitzaren atzean dagoena -azaldu zuen Alijak Madrilen egindako aurkezpenean- pentsatu genuen gure ezagutza besteekin partekatzeko unea iritsi zela». Bere ustez, sukaldaritzaren globalizazioak «lurraldeak duen arima galtzea» ekar dezake.