GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Pauso bat eman dut aurrera, baina beste puntu bat falta zait aurrekoekin ibiltzeko»

p039_f02_148x168.jpg

Ane Santesteban

Txirrindularia

Ane Santesteban (Errenteria, 1990-12-12) txirrindulari gaztea, 18. postuarekin, lehen euskalduna izan da duela egun gutxi batzuk amaitutako Emakumeen Biran. Gipuzkoarra lasai dabil egun hauetan Espainiako txapelketak prestatzen. Gainera, Bizkaia Durango taldeak hilaren 30ean hasiko den Giroan parte hartzeko beharrezkoa zen dirua behin lortuta, Santestebanek lehen 20en artean amaitu nahi du.

Imanol CARRILLO

Alai eta gustura hartu dugu Ane Santesteban txirrindulari errenteriarra Emakumeen Bira amaitu eta gero hartutako atsedenaldi labur honetan.

Emakumeen Bira amaitu zenetik egun batzuk pasa dira. 18. lekuan amaitu zenuen eta euskaldunen artean lehena izan zinen. Zein balantze egiten duzu? Gustura al zaude lortutakoarekin?

Egia esan, oso balantze ona egiten dut. Alergiaren kontuengatik oso aste txarrak pasa ditut Emakumeen Bira hasi aurretik, eta agian horregatik ez nuen espero postu hori eskuratzea. Lortutakoarekin oso pozik nago.

Euria oso aipagarria izan da aurtengo edizioan. Errepidean nola ikusi duzu zeure burua?

Nik euria egitea nahi nuen, alergiagatik ondo baitzetorkidan, eta lehenengo egunetik ondo sentitu nintzen. Baina lehenengo egunetik oso arriskutsua izan da; euri asko eta eroriko asko egon dira. Zorte handia izan dut eta ez naiz erori.

Aurtengo edizioak goi mailako txirrindulariak izan ditu; hala nola, Emma Johansson Birako irabazlea, Elisa Longo azken etapako garailea, eta Marianne Vos munduko txapelduna. Zer sentitzen da horrelako txirrindularien artean arituta?

Izugarria izan da, esperientzia oso handia beraien ondoan egotea. Gero gainera, podiumean, bost minututxo horietan beraien ondoan egotea, egia esan, oso polita izan da.

Beraiekin hitz egiteko aukera izan al duzu?

Emma Johanssonekin harremana daukat; bera ere Bizkaia Durangon egon zen duela urte pare bat, eta horregatik harreman txiki bat daukat berarekin. Beraiek ere saiatzen ziren niri zeozer esaten.

Nolakoak dira gertutik?

Pertsona normalak (barrez).

Dena den, zure garaipen zerrenda ez da atzean geratzen. Iaz Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako 23 urtez azpikoen txapelketak irabazi zenituen, eta aurten elitean Euskadiko Txapelketan ere garaile izan zara. Zein da zure aurtengo helburu nagusia?

Aurtengo helburu nagusia Emakumeen Bira zen; oraindik Girora joango ginen ez genekien oso ondo. Horregatik, Emakumeen Bira oso ondo prestatu dut; gainera etxeko lasterketa izanda, guretzat oso garrantzitsua da beti. Eta orain lasaiago nabil aste honetan Espainiako txapelketak eta Giroa prestatzen.

Gainera, Giroan parte hartzeko behar duzuen dirua lortu duzue.

Eskertzekoa izan da eman diguten laguntza guztia. Gure zuzendariak ateak jotzen aritu ziren dirua lortzeko, eta gu ere saiatu gara dirua gure kontuz ateratzen. Zozketa tiket batzuk atera genituen, eta, egia esan, jendeak asko lagundu digu.

Behin helburu hori lortuta, zer espero duzu Giroan?

Biraren antzekoa; agian lehenengo 20ren artean sartzea asko gustatuko litzaidake. Badakit Anna Sanchis nire taldekideak oso ondo prestatuko duela Giroa, eta azken momentura arte bere ondoan laguntzen egon nahi nuke.

Anna Sanchisek erorikoa izan zuen Emakumeen Birako bigarren etapan. Italian egoteko arazorik izango al du?

Ez. Ez duela ezer larririk esan diote. Egun bat gehiago egongo da atseden hartzen eta ez du arazorik izango bertan egoteko.

Eta zuk, Girotik harago, zein helburu dituzu aurten?

Giroa eta gero, astebete-edo lasai hartuko dut, pixka bat deskonektatzeko; eta ondoren, irailaren amaieran izango den Munduko Txapelketa prestatu nahiko nuke.

Noraino irits daiteke Ane Santesteban txirrindularitza munduan?

Ez dakit. Aurten pauso bat eman dut aurrera. Nabaritzen dut, behintzat, karreran nagoela, lekutxo bat daukadala tropelean; baina oraindik beste puntu bat falta zait aurrekoekin ibiltzeko. Beraz, aurten horrela jarraitu nahiko nuke, eta hurrengo urtean jarraiago hartzen eta ea aurrean egoteko aukera dudan.

Iaz Errenteriako Udalak aitorpen eta omenaldi ederra egin zizun. Azkenean eskultura bat egin beharko dizute...

(Barrez). Ez dut uste, baina egia esan, herrikoek omenaldi txiki hori egitea oso polita izan zen niretzat.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo