BAKE PLANA
Giza Eskubideen Institutua sortzeko asmoa du Gipuzkoako Aldundiak
Diputatuen Kontseiluak «Giza Eskubideak, Oroimenaren berreskurapena eta Bizikidetza zabaltzeko Plana» onartu du. Hilabete luzetan arloko eragile eta adituekin elkarlanean sortua; irekia, bidea egin ahala proposamen berriak gehitzeko, baina funts argia duena: «Nazioarteko araudiak ardatz hartuta, Euskal Herrian gaur egun bizi dugun esperantza egoeran aurrera egitea». Giza eskubideetan oinarritutako kultura defendatzea eta sustatzea da lehen erronka.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean bildu zituzten kazetariak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak, bi urteotan landutako egitasmoa aurkezteko. Helburuak, bidea eta ekimen zehatzak azaldu zituzten, baita erronkak ere, horien artean giza eskubideen erakunde bat sortzea: «Mekanismo autonomo bat», azpiegitura xumekoa, koordinazio lanak egin, aholkularitza eman, informazioa zabaldu, prestakuntza bultzatu eta ikerketan eta prebentzioan jarduteko.
Agertu zutenez, koordinazioa lantzen eta elkarren osagarri izaten ahaleginduko da institutua xede berak edo bateragarriak dituzten ekimen eta erakundeekin.
«Eskubide guztiak pertsona guztientzat» dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrenerako sortu zen leloak. Hori oroitu zuten Garitanok eta Bidasorok Iñigo Urkulluk «Bake eta Bizikidetza Plana 2013-16» aurkeztu eta egun gutxira beren egitasmoa aurkeztean. Erran zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak hasiera-hasieratik hagitz argi izan du erakundeek berebiziko garrantzia izan behar dutela giza eskubideen defentsan eta oroimena berreskuratzen, eta horregatik eratu zuen, gobernu berriarekin batera, zeharkako zuzendaritza gisa Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritza.
Konpromiso horri jarraituz Aldundiko gainerako zuzendaritzekin elkarlanean arituko dira. Atal honetan, sentsibilitate eta prestakuntzako ikastaroak antolatu eta material didaktikoak argitaratuko dituzte.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak planak hiru helburu dituela zehaztu zuten: alde batetik, giza eskubideen babesa eta sustapena hobetzea elkarbizitza normalizatu baten alde. Hori gizartea eta Administrazioa prestatuz eta sentsibilizatuz egitea proposatzen dute. Bestetik, Euskal Herrian gatazkaren inguruan gertatutako indarkeria ezberdinen ondorioak; hau da, giza eskubideen urraketak, minak, sufrimenduak eta gizarte zatiketak gainditzeko lan egitea, eta oroimena berreskuratzeari ekitea, justizia eta erreparazio eskubideak bermatuz normalizazio politikoa, berradiskidetzea eta gizarte baketsua lortzeko.
Hirugarren xedea bakea lortzeko gizarte eragileak eta erakundeak bidelagun izatea da, eta proposamenak egitea. Lan horretan ari dira orain, asmoak azaltzen beste erakundeekin koordinatu eta martxan jartzeko.
Gizarte hobea lortzeko erronkak plazaratu zituzten jarraian. Giza eskubideetan oinarritutako kultura defendatu eta sustatzeko, adibidez, unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak eginen dituzte prestatzeko eta sentsibilizatzeko; urtero, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urteurrenean, hitzaldi, jardunaldi, mintegi eta bestelako ekimenak antolatu; bizikidetzari buruzko ikastaroak sustatu elkarte eta udalentzat; giza eskubideak eta oroimen historikoa lantzeko beka deialdiak egin kanpoko unibertsitateetan ikasteko; eta formazio ikastaroak eman aisialdiko teknikari, hezitzaile eta begiraleei.
Trantsiziozko justizia
Bigarren erronkari dagokionez -«memoria berreskuratzea, berradiskitzea eta bakea»-, azaldu zuten prozesu hauetan funtsezkoa eta lehentasunezkoa izaten dela zer eta zergatik gertatu den jakitea, «egia jakitea» eta «biktimei eragindako kaltea kontuan izatea, inolako bereizketarik gabe, sailkapen iraingarririk gabe, eta nazioarteko zuzenbideak egia, justizia eta erreparazioari buruz aldarrikatzen dituen printzipioak era egokian aplikatuz».
Agertu zuten oraindik ez dagoela biktima guztien eskubide eta egoerak aintzat hartzen dituen politika publikorik, gertakarien egileen araberako bereizketarik egin gabe.
Atal honetan, kontzeptu batek erakarri zuen bereziki kazetarien arreta: trantsiziozko justiziak. Martin Garitanok eta Marina Bidasorok argitu zutenez, hau ez da justizia mota berezi bat, gatazka egoeratik bake egoerara doan trantsizio garai bateko justiziari ekiteko modua baizik. Gatazka armatuak bizi izan dituzten munduko hainbat herrialdek heldu diete bere bideei indarkeria gainditzeko. Irlanda eta Hegoafrika aipatu zituzten eredu gisa.
Trantsiziozko justiziak giza eskubideak urratzearen ondorioz sortu diren zauriak osatzen saiatzea eta berradiskidetze prozesuetan aitzinera egitea bilatzen du, biktimen eta gizartearen egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatuz. Ahal dela zigorgabetasuna saihestu, eta biktimei justizia eman eta errudunak erantzule egiten ditu.
Urrirako jardunaldi bat prestatzen ari dira Estatu espainiarreko adituekin, Euskal Herriko egoerara aplikatutako trantsiziozko justiziari buruz. Bertan proposamen zehatzak eginen dituzte; biktimekin, presoekin eta torturarekin lotutakoak.
Gizartearen berradiskitzearen arloan, udalei begira Bizikidetza programa jarri dute jada martxan, adituen laguntza eta aholkuekin elkarbizitzarako ekimenak garatzeko. Oroimena berreskuratzeko, elkarteen mugimendu biziak egindako lana jarraitu eta ekimen berriak garatuko dituzte.
Memoria eta Bizikidetza Institutua sortzeko lege proposamena erregistratu zuten Gasteizko Legebiltzarrean atzo eguerdian EAJk eta PSEk, gainerako alderdiekin akordiorik lortzen saiatu gabe.