Lan mundua euskalduntzeko ibilbide orria aurkeztu du Kontseiluak
GARA | ARRASATE
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lan munduan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko prestatutako plana edo ibilbide-orria aurkeztu zuen atzo Arrasaten, lan arlo horretako protagonisten ahotsa jaso ondoren.
Duela urte eta erdi, lan-munduko aholkularitza sektorea osatzen duten bazkideekin eremu horri buruzko diagnosia burutu zuen Kontseiluak. «Oso argi genuen lan munduaren euskalduntzean aktore guztien esku hartzea beharrezkoa zela, eta horrexegatik, azken urtean horiei guztiei gure irakurketa helarazi diegu, beraiek ekarpen propioak egin ditzaten», azaldu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Atzoko konferentzian, sindikatuak, enpresariak, kontsumitzaileak eta administrazioko kideak izan ziren. «Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten guztiak foro honetara ekarri nahi izan ditugu, eta parte hartzea ikusita, arrakastatsua izan dela ondoriozta dezakegu», nabarmendu zuen Bilbaok.
Ez da gutxiagorako; izan ere, EAEko hiru aldundietako kideak, Lakuako Gobernua, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak, EKA kontsumitzaileen elkartea eta beste zenbait enpresa (EIKA, MAPSA, CEGASA,...) Arrasaten izan ziren atzo.
Eredu katalana
Horiekin batera, Kataluniako Generalitateko Joan Ramon Sole i Durany izan zen, kanpoko esperientziaren berri ematen. Kontseiluko kideek azaldu zutenez, «oso interesgarriak dira Generalitatek eremu sozioekonomikoan hizkuntza katalanaren erabilera sustatzeko baliatu dituen estrategiak (legedia, sustapena, kontratazio-politikak, hizkuntza-klausulak...) bai eta estrategia horien bidez lortutako emaitzak ere».
Horrez gain, Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko ekarpenak aurkeztu zituen: «Jarraitu beharreko gida-lerroak dira hauek. Guztion artean lan mundua euskaldunduko dugu».