Frantses telebistaren aurka salaketa jarri du Euskal Konfederazioak
France Television telebista publiko frantsesaren sareak euskararen aurka duen jarrera diskriminatzailea salatu zuen atzo Euskal Konfederazioak. Alsazieraz, korsikeraz, bretoieraz eta okzitanieraz, urtean, 65 eta 90 ordu arteko emankizunak egiten dira; euskaraz, aldiz, bi ordu soilik; hots, egunean minutu bat. Egoera horretaz jabeturik, Euskal Konfederazioak epaitegietako bidea abiatu du eta Pariseko auzitegi administratiboan errekurtsoa pausatu du.
Ainize BUTRON | BAIONA
Urtean bi ordu, hau da, egunero minutu bat da frantses telebista kate publikoan euskarari uzten zaion leku apurra. Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxitu gehienei ematen zaien lekua, berriz, urtean 65 eta 90 ordu artekoa da. France Television izeneko frantses telebista talde publikoak, barne arauetan hala jasota eta legez, bere programazioan lekuko hizkuntza gutxituen presentzia bermatzera behartuta dago. Alta, 2008az geroztik euskararen presentzia murriztuz joan da.
Egoera hori salatu zuen atzo Euskal Konfederazioak eta France Television taldearen aurka Parisko Administrazio Auzitegian salaketa jarri duela jakinarazi zuen.
«Astelehenetik ostiralera egunean minutu bakarra da euskaraz. Horrek argi adierazten du zer garrantzia ematen dioten gure hizkuntzari», salatu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Elkarteak gutun bat helarazi zion joan den otsailean taldearen buruari, egoera horri buruz ohartarazteko eta azalpenak eman ditzan eskatzeko. Legeak finkatzen dituen bi hilabeteko epean erantzunik eman ez duenez, errekurtsoa pausatu zuen Euskal Konfederazioak iragan maiatzean, kateari «lurralde hizkuntza hiztunen arteko berdintasuna haustea» leporatuz.
Tartean France Televisionen erantzunaren berri eman zuten. Bertan, telebista kateko buruak hizkuntzen erabileraren arteko ezberdintasunak argitu zituen, «emititze eremuak» eta «praktikatu lurralde hizkuntzak» anitz direla adieraziz.
Lekuko France 3 kate publikoan, okzitanierazko programak ere proposatu behar zirela zehaztu zuen.
Borroka horretan Euskal Konfederazioko ordezkariek «bururaino joateko asmoa» dutela azaldu zuten.
Laurence Hardouin Euskal Konfederazioko abokatuak, epeak luzeak izango direla azaldu zuen. «Erantzuna urte bukaeran izango da, eta auzia izaten bada ez da 2014a aitzin gertatuko», argitu zuen.