GARA > Idatzia > Euskal Herria

Astigarra eta Irun arteko AHTren kalteak «bikoitzak» izango direla ohartarazi dute

Madrilek bidali du udaletara Astigarraga-Irun arteko proiektu berria, zeinak beste proiektuak aurreikusten dituen. Elkarte eta udal ordezkariek ohartarazi zuten auzo batzuk azpiegitura handietan ito egingo direla.

p017_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostialdeko, Oarsoaldeko eta Bidasoako gizarte talde, udal ordezkari eta auzo elkarteek agerraldia egin zuten atzo Irungo udaletxearen aurrean, Astigarraga-Oiartzun-Lezo arteko abiadura handiko trenaren tartea zein Iparraldearekiko Biriatuko lotura egiteko proiektua salatzeko. Ohartarazi zutenez, bultzada berria eman nahi dioten proiektu horren eraginez, «azpiegiturek izango dituzten inpaktuak bikoiztu» egingo lirateke.

Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioak udaletara bidali duen Astigarraga-Irun arteko AHTren proiektu berria dagoeneko ari da bertako erakundeen erantzuna jasotzen, eragileok atzo baieztatu zutenez. Biztanleengan izango dituen ondorio kaltegarriez gain, «dagoeneko azpiegitura-kontzentrazio handia duen ingurune honetan» lurraldea «izugarri» hondatuko dela adierazi zuten.

Arreta eskualde osoan proiektatutako obren «gordintasunean» jarri zuten. Astigarraga eta Behobia arteko AHT egiteaz gain, beste hainbat azpiegitura aurreikusten ditu proiektuak; hala nola, AHTren eta Renfeko ohiko trenbidearen arteko adar zein interkonexio konplexu ugari eta merkantzietarako geltoki intermodal bat Lezo-Gaintxurizketan.

Modu horretan, lineak eta azpiegitura-lan handiak ugarituko lirateke lurralde osoan. Martuteneko ibarrean, bost trenbide egitea da asmoa, ezponda zein alboko biaduktu moduan; AHT Ugaldetxo-Arraguatik (Oiartzundik) eta Olakiñetatik (Landetxatik) pasatzea aurreikusten den tokietan, azpiegiturak, biaduktuak eta tunelak hirukoiztu egingo lirateke. Beste herrigune batzuk, adibidez, Olaberria eta Ibarla (Irun), «modu larrian kaltetuko ditu», eta Arragua edota Martutene bezalako auzoak «tren-azpiegitura handien eta AHTren erdian itoko lirateke».

Aipamen berezia egin zioten, halaber, Lezo-Gaintxurizketan aurreikusita dagoen merkantzietarako geltoki intermodalari. Besteak beste, balio handiko nekazaritza-lurren eremu zabal bat galtzea ekarriko lukeela jakinarazi zuten.

Terminal honen aurreikuspenean, gainera, kontuan hartu da bertatik tren-sarbidea posible izatea, Pasaiako kanpo portuarekin -egingo balitz- lotzeko.

Atzerapenekin kezkatuta

Akitanian, berriz, abiadura handiko trenbidearen plangintza babesten duten hautetsiak atzerapenen beldur dira. Izan ere, azken asteotan GPSOk (Hego-Mendebaldeko Trenbide Proiektu Handiak) atzerapen nabarmenak izan ditzakeela jakin da. Tartean litzateke Bordeletik Hendaiarainoko linea berria ere.

Hori dela-eta, larunbatean Mugikortasuna 21 Batzordeak Parisko Gobernuari entregatuko dion txostenak proiektuari lehentasuna ez ematea deliberatuko balu ere, badaezpada aurrea hartu dute hautetsiok eta lehen ministroari Estatuak hartutako «engaiamenduak» eta «proiektuaren ezinbestekotasuna» gogorarazi diote.

donostia-baiona

Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren Mugaz Gaindiko Agentziak batzar nagusia egin zuen atzo. Besteak beste, bi hiriburuen arteko tren zerbitzu azkar bat eskatu zitzaien horren ardura duten administrazioei.

DEIALDIAK

Igandean mendi martxa abiatuko da Ergobiatik (9.30) Urumea bailaran AHTk sortuko dituen kalteak azaltzeko. Bestetik, trenbide berriaren aurka diharduen CADEk mobilizazioa egingo du hilaren 23an, Senperen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo