GARA > Idatzia > Mundua

Eztabaida piztu da Nikaraguan Pazifikoa eta Karibe lotuko dituen kanala dela-eta

Nikaraguako Gobernuak Karibe eta Pazifikoa lotuko dituen kanala eraiki nahi du. Proiektuaren kudeaketa Txinako enpresa batek hartuko luke bere gain ehun urtetarako. Egitasmoak haserrea eragin du.

GARA | MANAGUA

Nikaraguako Gobernuak Karibe itsasoa eta Ozeano Pazifikoa lotzeko eraiki nahi duen kanalari buruz eztabaidatu zuten atzo Parlamentuan, non gobernuko taldeak gehiengo osoa duen. Daniel Ortega presidentearen proiektuak haserrea eragin du oposizioan eta Klima Aldaketaren Aurkako Nikaraguako Mahaian. Azken honek hogei bat erakunde biltzen ditu.

Proiektu horren bitartez, tamaina handiko merkantzia-ontziak igarotzea ahalbidetu nahi du Gobernuak. Egitasmoaren eraikuntza eta kudeaketa Honk Kong-nen egoitza duen HKND Group enpresa txinatarrak hartuko luke bere gain ehun urterako. «Prest gaude Nikaraguako Kanala garatzen hasteko», adierazi du komunikatu batean.

«Egingarria ote den jakiteko beharrezkoak diren ikerketak egiteko gaitasuna dugu. Proiektuari dagozkion alderdi guztiak -teknologikoak, ekonomikoak, zein ingurumenarekin eta gizartearekin loturikoak- aztertuko ditugu», gaineratu zuen.

Oposizioan dauden talde politikoek eta gobernuz kanpoko hogei bat taldek kritika zorrotza egin diote Ortegari. Asteazkenean plazaratu zuten adierazpen batean, presidenteari «diktadore» deitu zioten, Txinari «pribilegioak eta salbuespenak» emateagatik. Beraien hitzetan, erabaki horrekin «aberria zikindu» du Ortegak.

Wang Jing inbertitzaileari eta bere bazkideei Nikaraguako baliabide naturalak ustiatzeko emandako baimena -hasiera batean 50 urtekoa, baina epea betetakoan beste 50 urtez berritu ahal izango dute- aberriari «traizio» egitea dela nabarmendu zuten. «Gure nazioaren baliabideak neurririk gabe beste baten esku uztea esan nahi du horrek», helarazi zuten.

Klima Aldaketaren Aurreko Nikaraguako Mahaiaren esanetan, kanalaren eraikuntzak Cocibolca lakuari kalteak eragiteaz gain -hortik igaroko baita-, «69. arroari» ere min egingo dio. Nikaraguako handiena da, iparraldean jaiotzen baita eta ibai nahiz laku garrantzitsuenak hartzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo