GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julia Monge, Eduardo Gonzalez, Mikel Arregi | Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformaren izenean

Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez

 

Frankismoaren zigorgabetasunak hainbeste urte iraun badu, frankistek, frankismoa bera iraunaraztean beren burua babesteko biderik egokiena ikusirik, izua, ordainsaria eta harremanak iaiotasunez erabiltzen jakin dutelako izan da. Diktaduraren urteetan aginpide politikoa edukitzeak eman zizkien aukera eta baliabideak harreman bilbe trinko eta iraunkor bat ehuntzeko Elizaren, enpresaburuen eta Estatuaren egitura guztietan, gaur egun arte era eraginkorrean ibiltzeko gai izan dena. Harreman sare horrek eman die lana, agintea eta babesa azkeneko 36 urteetan. Frankistek beraiek ireki zieten bidea beren ondorengoei. Sariek eta mesedeek eskerdunak sortu zituzten, harremanak ondo koipeztatzen lagunduz. Izuak bilbe hau osotu zuen hainbat lekuko eta biktima gertatu zena ukatzeraino behartuz.

1977ko hauteskundeetatik gaur arteko 36 urte hauetan, banaka batzuek baino ez dute lortu frankismoak beren senideei lapurtutako duintasunaren pixka bat berreskuratzea. Frankistek ehundutako bilbearen aurrean, egia, justizia eta ordaina lortzeko ahalegin guztiek huts egin dute.

Azkeneko hiru urteetan, espainiar Gobernua behin eta berriz saiatu da ixten argentinar justiziak, frankismoren krimenak epaitzeko bere gaitasuna onartuz, zigorgabetasunaren hormatzarrean ireki zuen arrakala. Maria Servini de Cubria, Buenos Airesko epailearen aurrean, bideo konferentziaz, Madrilgo argentinar Kontsuletxean egiteko ziren lehenengo hiru kereilarien adierazpenen etetea azken adibidea baino ez da izan. Oraingoz. Beste oztopo batzuk etorriko dira baina erabakitasunez egingo diegu aurre. Bideo konferentzien etetearen ostean andaluziar irrati eta telebistaren «La Memoria» irratsaioan epaileak esandakoak gure erabakitasuna sendotzen du. Izan ere, Buenos Airesko 1. Epaitegi Federal Kriminal eta Korrekzionaleko buruak frankismoaren biktima diren guztiei beren bulegoko atea irekita duela eta urte batean lehenengo bederatzi salatuak inputatuak izango direlako uste ona duela esan duen era berean, guk, frankismoaren krimenen aurkako euskal Plataformako kideek, kereilaren bidea garbitzen jarraituko dugula berresten dugu.

Gaur arte, Euskal Herriko biztanleriaren herena baino gehiago ordezkatzen duten erakundeen kereilaren aldeko atxikimendua, azkenekoa, Iruñeko Udalarena, Autobús de la Memoria izeneko plataformak lortua, epaileari bidali dizkiogu. Euskal erakunde guztiena, hau da, udal batzar guztienak, batzar nagusienak eta Legebiltzarrarenak, lortze aldera lanean jarraituko dugu. Bide beretik, gure herrialdeko mota guztietako elkarteenak lortzeko jardungo gara.

Frankismoaren zigorgabetasunari bidea ixten jarraitzeko gure asmoa nabarmentzeko unea iritsi delakoan gaude. Horregatik, Francoren armadak Bilbo bortizki hartu zuen 76. urteurrenaren egunetan, hain zuzen gaur, arratsaldeko seietan, Moyua plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzera dei egiten dizuegu.

Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik erakutsiko ez diogun gure nahia nabarmentzeko urrats berri bat izango dela uste osoa dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo