GARA > Idatzia > Ekonomia

Herrialdeko hitzarmenaren oinarria defendatuko dute metaleko langileek

Mobilizazio astea izango dute hurrengoa metalgintzako langileek herrialdeko hitzarmenaren defentsan, gutxieneko lan baldintzak ezartzen dituenaren alde, hain zuzen ere. Uztailaren 7an indarra gal dezakeela ikusirik eta negoziazioaren blokeoaren aurrean, protestak indartzea erabaki du LAB sindikatuak, eta berarekin bat egin dute UGT, CCOO eta ESK sindikatuek, urteetako borrokan lortutako baldintzak lan erreformaren aurrean blindatu nahian.

p024_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | BEASAIN

Astelehenean izango dute lehenengo greba eguna Gipuzkoako metalgintzako langileek LAB sindikatuak egindako deialdiari UGT, CCOO eta ESK batu ostean. Uztailaren 7an dute begirada jarria, herrialdeko hitzarmen bat sinatu ezean, egun horretan galduko baitu indarra oraingoak. Orduan enpresa hitzarmenaren menpe geratuko lirateke, eta horren faltan, Estatu mailako esparruak araututako baldintzak ezarriko zaizkie. Herrialdekoak gutxiengo baldintzak bermatzen dituela azpimarratu zuten atzo Goierriko metalgintzako enpresa batzordeek, eta hori galtzeak lan baldintza kaskarragoetara kondenatuko dituela ohartarazi zuten atzo Beasainen egindako agerraldian.

Goierriko metal arloko enpresa garrantzitsuetako batzordeek egin dute bat greba deialdiarekin, besteak beste, CAF, Jaso, Arcelor, Tuermeco eta GH. Beste hainbat enpresatan atzo ziren bozketa egitekoak, beraz atxikimendu gehiago espero dituzte.

Beste eskualde batzuetan ere atxikimendua handia izan da eta mobilizazioa babesten dutenen artean daude Gamesa, Giroa, TS Fundiciones, Mendiola, Elevadores Goian, AGME, Biele, Tesa, Polmetasa, Ikor eta Fresmak, besteak beste.

Beasainen agertutako batzordeek azaldutakoaren arabera, hitzarmen sektorialak barnebiltzen dituen eskubide kolektiboak «determinanteak» dira metaleko langile guztientzat, bai enpresan negoziazio kolektiborako eskubiderik ez duten enpresa ertain eta txikientzat, baita enpresa eremuan hitzarmen propioa duten langileentzat. Horren adierazle da, enpresako hitzarmena duten zenbait batzordek ere greba babestu izana.

Izan ere, herrialdeko ituna enpresa arloko hitzarmenak negoziatzeko onarria izan da orain arte, eta hori galduz gero, baldintza kaskarragoetara joateko arriskua ikusten dute langileek.

«Hitzarmen sektoriala nahi dugu, blindatua, aberastasuna banatzen duena eta hori lortzeari begira, Adegik dituen asmoei aurre egin behar diegu, dugun indar guztiarekin», azpimarratu zuten.

Kohesioa Adegiren aurrean

Maiatzaren 24an egindako greba ekarri zuten gogora, eta orduan bezala, hurrengo astean ere -ekainaren 17, 19 eta 21erako deitu dute grebara- sektorea geldituko dutela ziurtatu zuten. «Kohesioa eta elkartasuna erakutsi genuen maiatzaren 24an, eta hurrengo egunetan izango diren greba egunei esker argi esan dezakegu gure eskuetan dagoela erreformari ateak ixtea», ohartarazi zuten.

Denbora gainera etortzen ari zaiela gogorarazi zuten eta Adegiren aurrean «parez pare» jarri beharra aldarrikatu zuten, «Rajoyk lapurtutako negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko». Borroka horretan langileen arteko batasunak duen garrantzia azpimarratu zuten enpresa batzordeetako ordezkariek. «Langileen arteko banaketak Adegi babesten du, banaketak langileak ahultzen ditu», adierazi zuten. Ildo horretan, hilaren 17an eta 19an eskualdeko mobilizazioak egingo dituzte, besteak beste, Ordizia, Beasain, Hernani, Azpeitia, Tolosa, Eibar eta Errenterian, eta 21ean Donostian egingo dute manifestazioa Gipuzkoako enpresa batzorde guztiek.

ESK ERE GREBARA

ESK sindikatuak bat egin zuen atzo metal arloan EAEn deitutako greba deialdietan «enpresa mailako hitzarmen on bat izateko, herrialdeko hitzarmen on bat izatea beharrezkoa delako». Gipuzkoan hilaren 17an, 19an eta 21ean izango dira eta Araban eta Bizkaian aldiz, 21ean.

ELA incide en el valor de los convenios de empresa en Araba

El sindicato ELA, que ha convocado en solitario una semana de huelga en el Metal de la CAV, manifestó, a través de un comunicado, su posición favorable al convenio de empresa, con especial incidencia en Araba, donde «los convenios de empresa son la herramienta principal», según la central. Asegura que el convenio sectorial tiene «poca referencia» como consecuencia de la «escasez de contenido que ha incorporado». Destaca que los convenios de empresa en este herrialde sean mucho más numerosos que en otros. En concreto, unos 15.000 trabajadores de los 22.000 que tiene el sector regulan sus condiciones con convenios de empresa, por lo que llama a movilizarse en su defensa.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo