Sokatira
Goiherri taldeak denboraldiko bigarren titulua ere bideratuta utzi nahi du
J.L.
Martiartun jokatuko da gaur Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako jardunaldia, eta bigarrena izango da 640 kilokoan. Goiherri taldeak irabazi zuen lehenengoa, eta gaur berriro ere gauza bera egiten baldin badu, titulua bideratuta utziko du.
Erandioko taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi du orain arteko tiraldi guztietan. Denera lau jokatu dira, 680koan hiru, eta 640koan bat, eta denak irabazi ditu, eta erabateko nagusitasuna erakutsiz. Beraz, zaila dirudi gaur norbaitek mendean hartzea, nahiz eta Mutriku behetik gora indarrean datorrela erakusten ari den.
Lehen jardunaldian berdinduta geratu ziren Mutriku eta Goiherri B, eta gaur hori apurtzeko aukera izan dezakete. Saio bikaina egin zuten, eta bien arteko dema inork ez zuen irabazi. Goiherrik plazaratu dituen bi taldeak lehen bi postuetan sartzea lortuko balu, sekulakoa izango litzateke.
Gaztedi A taldea, berriz, uste baino okerrago ibili zen, nahiz eta 680koan ere beherantz egin zuen azken bi saioetan. Hala ere, beraietaz gehiago espero zen, eta seguruenik ere gorantz egin nahiko du, eta pasa den astean eman zutena baino gehiago direla ere erakutsi nahiko du talde gorritxoak.
Azken postuan ez geratzeko dema, berriz, Gaztedi B eta Getxoren artean egongo da. Aurrekoan Gaztediren bigarren taldeak aurre hartu zion Getxori, eta gaurkoan ikusiko da zer gertatzen den, 17.30etik aurrera. Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, Leioan jokatuko da ekainaren 22an, 17.30ean.