GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Ekonomia modernoa denontzat eta doan

Greziako Gobernuak ERT telebista publikoa itxi eta greziarrak haserretu egin ziren. Zer den ezjakintasuna. EBeko Ekonomia eta Moneta Gaietarako komisario Olli Rehnek, ordea, erabaki horren zuzena nabarmendu zuen berehala, «Greziako ekonomia modernitzatzeko ahalegin eskergen testuinguruan hartutakoa» omen da-eta. Horixe, ba. Rehnek, halaber, alternatiba «finantza arloan iraunkorra» eskatu zion Greziako Gobernuari. Ez dakit, ba. Komisarioa aditua da, jakina, baina ni ez nator bat eskaera horrekin. Izan ere, zertarako nahi dute greziarrek telebista publiko bat? Oro har ere, zertarako balio du telebista publiko batek (ezagutzen ditudan telebista publikoak ditut gogoan)? Bestetik, Greziako telebista publikoa ixteko erabakia norabide onean hartua bada ere, Gobernuak ez du behar bezala errematatu, itxi ordez, pribatizatu egin behar zuen-eta, hartara sikiera sos batzuk aterako zituen Europako bankuei emateko.

Ekonomia modernizatzeko gomendio bikaina da, era berean, Madrilgo Gobernuaren adituek egindako pentsioen gaineko txostena. Izan ere, zertarako nahi ditugu pentsio duinak ekonomia zaharkitu batean? Kontua da Estatuak horrelako fardelak gainetik kentzea: pentsioak, osasungintza, hezkuntza... Egia da horiek dirua dutenek -gero eta gutxiagok- baino ezingo dituztela ordaindu (eta baten batek esango du orain arte ere ordaindu egin ditugula, ados; hala ere, egungo ekonomiak ezin du jasan diru hori esku publikoetan egotea), baina denok izango gara ekonomia moderno baten jabe.

Monarkia, Armada, Hego Euskal Herrian ia sei polizia mila biztanleko... ez dira finantza arloan iraunkorrak, esango didazu ekonomiaz ideia zorririk ez duzun horrek, baina ez nauzu horren erraz harrapatuko: instituzio ukiezin horiek ekonomia modernizatzeko ezinbestekoak dira.

Eta ekonomia eraberritzeari ekin diogun honetan, dena nahi duten horietakorik falta ez denez, beste ezjakinen batek gizarte eskubideen aldarria egingo du. Hautu kontua da, ordea: ekonomia modernoa ala eskubideak. Ekonomia moderno batean, eskubideak gainetik kendu beharreko fardela dira-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo