Lakuaren txosteneko urraketak beti izan dira salatzeko modukoak
Lakuako Gobernuaren Lehendakaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren enkarguz egindako «Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena» ezohikoa da, jakina, instituzio batek azken mende erdian izandako eskubide urraketa guztiak biltzeko eta, ahal den neurrian bederen, horiek jasan dituztenek egia, justizia eta ordaina izan dezaten asmoaren adierazgarri delako. Eta ezohikoa da alde anitzetako indarkeriaren ondorioak maila berean agertzen dituelako. Ñabardurak ñabardura, aurrerapausoa da herri honetako gatazkaren konponbidean, alderdi guztiei eta, oro har, gizarteari norabide horretan aurrera egiteko ardura seinalatzen diena, «alderdikeria alde batera utzita».
Ez da iradokizun hutsala. Izan ere, txostenean agertzen diren eskubide urraketa guztiak ez dira atzo goizean edo txostena egiteko enkargua egin zutenean gertatuak, baizik eta 1960 eta 2013 bitartean, eta ardura politikoak dituzten edo izan dituzten hainbatek, batzuek gobernu ardurak ere izanda, txostenak jasotzen dituen eskubide urraketa askoren salaketen aurrean, beste alde batera begiratu izan dute sarritan eta urte askoan, urraketak jasan dituztenei babesa ukatuz eta salatu dituztenak seinalatuz, beste urraketa batzuk argudiatuta. Jarrera arduragabe hori, bereziki botere publikoetatik datorrela, onartezina izan da, erraztu egin izan baititu orain artean inongo txosten ofizialetan agertu ez diren indarkeria mota batzuen ondorioak, horiek minimizatu edota ukatuz, betiere interes politikoen menpe. Gogorarazi beharra dago, halaber, hainbat bidegabekeria salatzen baino ezkutatzen lan handiagoa hartu izan duten hedabideen papera.
Egia, justizia eta ordaina izateko eskubidea bermatzeko gomendioak ere ematen ditu txostenak. Hainbat kasutan ez da posible izango erabat betetzea, baina posible den kasuetan ahalegin guztiak egin beharko dira eta, norabide horretan, txostena osatu beharko da, seguruenik inoiz osoa izango ez bada ere, bere garaian egin behar izan zituzten ikerketak egin ez eta sarritan oztopatu egin zituztelako. Eta, edonola ere, komenigarria litzateke batzuek urraketa ugari eta larri horietan izandako erantzukizunak, besteri halakorik eskatu baino lehen, onartzea.