GARA > Idatzia > Kultura

Estilo barrokoaren gehiegikeria arte garaikidearekin nahastuz

Guggenheim museoak barroko garaiko pintore handien obrak eta diziplina anitzeko arte garaikidea bateratu ditu urrira arte ikusgai izango den erakusketa berrian. Gaika biltzen diren hiru gelen bidez, barrokoaren gaineko aurreiritziak hankaz gora utzi nahi ditu erakusketak.

p045_f02.jpg

GARA | BILBO

Egunerokotasuna eta iragankortasuna ezaugarri dituen arte barrokoa izan da Bilboko Guggenheim museoan atzo aurkeztu zuten erakusketaren oinarria. «Barroko neurrigabea. Cattelanetik Zurbaranera» erakusketan XVII. mendeko obrak erakusteaz gain, arte garaikidea ere kontuan hartu dute bizitasuna transmititzeko asmoz. Izan ere, museoaren hirugarren solairuan kokatu dituzten artelanei begiratzeko ikuspegi ireki bat eskatzen dute, bi garaien arteko lotura ulertzeko.

Bice Curiger komisarioak ekarri du bilduma Euskal Herrira, Züricheko Kunsthaus arte garaikideko museoarekin elkarlanean (Suitzako galeria horretan izan zen ikusgai aurretik). Pieter Aertsen (1551) margolariak egindako «Harategia» obra izan zen erakusketa hau prestatzeko ideia eman ziona Curigerri, lan horretan aurkitu baitzuen erakusketarekin helarazi nahi zuena: bi arte korronteen artean hainbat mende pasatu badira ere, dituzten antzekotasun tematikoak bizipenen bidez erakustea eta ulertzea. Era berean, barrokoari buruz dauden aurreiritziak alde batera utzi nahi dituzte, hau da, gehiegizko dekorazioa behar duela edo handikeria oso agerikoa delako usteak. Erakusketan argi gelditzen da egungo arteak ere baduela zerikusia nolakotasun horiekin, eta arte barrokoa ere garaikidea izan daitekeela.

Hiru erakusketa espazio

Erakusketa kronologiari jarraitu beharrean, hiru gai nagusiren arabera antolatu dituzte ehun bat obrak. Lehen multzoa pieza bukoliko eta komikoek osatzen dute. Adriaen Brouwer pintoreak XVII. mende erdialdean egin zituen koadroen ondoan, non eguneroko eszena arruntak ageri diren, Juergen Teller argazkilariaren lanak kokatu dituzte. Honek bere bi lagunen erretratuak egin zituen Parisko Louvre museoan, biluzik, lan ospetsuen ondoan.

Bigarren atala mitologiari eta gizontasunaren gorespenari dago eskainia. Zurbaranek egindako «Herkules» indartsu eta berezi bat ageri da bertan, adibidez, eta handik gertu Maurizio Cattelaren zenbait instalazio, enbalatutako emakume baten eskultura, esaterako.

Erakusketaren hirugarren zatiak burlesko eta groteskoa biltzen du. Bartolomeo Passerottik XVI. mende amaieran «Konpainia alaia» koadroan pintatu zituen hiru pertsonaiek harremana badute, alde horretatik, «Temp Stop 2009» (Nathalie Djurberd eta Hans Berg) instalazioan ageri direnekin, hauek ere absurduak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo