Fertiladoureko langileek erradiazioa pairatu zutela onartu da
Bokalen zegoen Fertiladour enpresako langileek erradiazio ionizagarriak pairatu dituztela ondorioztatu berri dute Akitania Eskualdeko osagarri agentziako, DIRECCTE egiturako, DREALeko eta Timac Agroko (Fertiladourreko jabeak) adituek.
Eta ondorioz, erradiazioaren eraginpean izan diren langileen zerrenda zehatza eman beharko du lantegiak.
Catherine Greze berdeetako eurodiputatuak berriki zabaldu zuen informazio hori.
Grezek gogoratu zuenez, Fertiladourren lanean aritutako langile bat baino gehiago zendua da dagoeneko. «Familiek eta sostengu batzordeak urteak daramatzate borrokan senideen eritasunak gaitz profesional gisa onartzeko», gaineratu zuen.
2011n hasitako borroka
1997an ingurumenaren defentsarako CADE kolektiboak lantegian zegoen erradiaktibitatearen informazioa zabaldu zuen, eta Fertiladourri loturiko «eskandalua» piztu zen.
Sostengu batzordea sortu zen 2011n, eta garaian zabaldutako datuen arabera, ordurako, lantegian arituriko hamar langile zenduak ziren leuzemia edo minbiziak jota. Izan ere, Bokaleko enpresa urte luzaz aritu zen monazitaren manipulazio eta esplotazioan.
Sostengu batzordea sortzearekin batera, ehun bat hautetsi, kontseilari, elkarte eta lagunen sostengua lortu zuen «Fertiladourren egia exijitzeko» agiria zabaldu zuten.
Langile ohi eta auzokoen patologiak zehaztea eta kopuruak zabaltzea, Prefeturak kaleratu dekretuen bidez lantegiaren betebeharren zehaztapena, enpresan indarrean zeuden segurtasun arauak, bai osasun eta bai segurtasunaren aldetik lantegian eginak izan diren azterketa motak, lan istripuen txostenak eta emaitzak, eta azkenik, lurren azterketen emaitzak eta ondoriozko gomendioak exijitu zituzten.
Catherine Greze eurodiputatuak nabarmendu zuen baieztapen hori «garaipen» bat dela.