GARA > Idatzia > Euskal Herria

Josune Arriaga Iruñean izan behar dela aldarrikatu dute klarionez Parlamentuan

Josune Arriaga Iruñetik aldentzea giza eskubideen urraketa dela salatzeko klarionez mezuak idatzi zituzten atzo Nafarroako Parlamentuaren hormetan. Arriaga Iruñetik Zaballara aldatu zuten, ustez berriz Topasera eramateko. Horrela, ezin izango du gaixorik duen ama ikusi.

p012_f02.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Klarion xume batekin, baina tinko. Horrela aldarrikatu zuten atzo Nafarroako Parlamentuaren hormetan Josune Arriaga Donibaneko presoak Iruñeko espetxean izateko eskubidea duela, gaixotasun larria duen amarengandik gertu izateko eta bisitatu ahal izateko.

Izan ere, Arriaga ostegun arratsaldean eraman zuten Iruñeko kartzelatik Zaballako espetxera. Josuneren anaia Jonek nabarmendu zuenez, hurrengo urratsa berriro Topasera eramatea izan liteke, berriz ere sakabanaketa jasanaraziz. «Iruindarra da Josune eta Iruñean geratzea da eskatzen dugun gauza bakarra. Horrela, larri gaixo dagoen amarengandik gertu izateko aukera izango du», gaineratu zuen Jon Arriagak.

Izan ere, Josune Arriagak ezin izan du ama azken hamar urteotan ikusi, haren osasun egoera larria dela-eta. Arazo horiek izanik, amak ezinezkoa du ehunka kilometroko bidaiari ekitea. Beste bisita bat egiteko baimena eskatu zuen, baina erabaki aurretik Zaballara eraman dute.

Nafarroako Parlamentuaren hormetan margotzen ari zirela, hautetsiak osoko bilkura egiten ari ziren barnean. Aldarrikapenean parte hartu zutenak hurbiltzen ari zirela ikusirik, foruzainek eraikineko ate eta leihoak itxi zituzten. Ez zen bestelako arazorik izan, eta atzoko protesta lasai burutu ahal izan zuten.

Parlamentura joan aurretik, elkarretaratzea egin zuten Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aurrean. Bertan, Herrirako eledun Itxaso Torregrosak eta Imanol Karrerak Nafarroako Arartekoan izandako arreta eskertu zuen. «Eskertzekoa da lantalde osoak presoaren familiarekin izandako enpatia. Lasaigarria da erakunde bat behintzat izatea giza eskubideen urraketa hain erdiragarriaz kezkatzen dena», esan zuten.

Nafarroako Gobernuaren jarrera gogor salatu zuten, ordea, «haren erantzun faltarekin presoen familien sufrimendua areagotzea besterik ez baitu bilatzen». Parlamentuan PSNk, UPNk eta PPk izandako muturreko jarrera ere salatu zuten, Josune Arriaga eta ama elkartzearen aurka bozkatu zutelako.

Ventura Tome Tafallako presoaren egoera ere gogoratu eta salatu zuten. Minbizia du eta erradioterapia saioak eskuburdinekin lotuta ematen dizkiote, sakabanaketaren ondorioz Murtzian daukaten bitartean.

Troitiñoren estradizioa

Bestalde, Londreseko Epaitegi Gorenak atzo onartu egin zuen Gobernu espainolak eginiko eskaera Antton Troitiño estraditatzeko. Intxaurrondoko herritarrak bi asteko epea du helegitea aurkezteko. Londresko epaileen arabera, Troitiño Espainiaratzeak ez du Europako Giza Eskubideen Gutuna urratzen.

Espetxean 24 urte eman eta gero, aske gelditu zen Troitiño 2011ko apirilean, baina berriz kartzelan sartzeko asmoa zuten, Estrasburgoko epaitegiak bertan behera uzteko eskatu duen 197/2006 doktrina aplikatuz. Joan den urteko udan atxilotu zuten Londresen, eta otsailean, epaile ingelesek lehen oniritzia eman zioten estradizioari.

Troitiñoren abokatu Mark Summersek esan zuenez, Londresen erabakiak iraganean gertatutako zerbait berriro epaitzen du eta hori onartezina da.

gose greba

Bordele-Gradinhan espetxean dauden Arkaitz Agirregabiria eta Zuhaitz Errasti presoek gose grebari ekin zioten ostegunean pairatzen dituzten bizi baldintzak salatzeko, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo