IGORREKO SANANTONIOAK
Familia eta kuadrilla, tortilla edo bakailao, barrenak aseta
Igorreko jaiak azken ziabogan sartu dira. Lehenbiziko asteburuko giro euritsu, goibel eta tristea aldatu eta eguzkiak parada bikaina eman die arratiarrei behingoz egun hauetan ederki gozatzeko. Azken txanpari ondo eusteko, bakailao eta tortilla mordoa prestatu zituzten atzo giro bikainean. Familia, kuadrilla zein bikoteak su artean, zapore ezin hobea emango dion puntu magiko horren bila.
Mikel PASTOR
Eguzkilore jatorrak bezalaxe, eguzkiarekin bat igorretarren aldarte ona berriro agerian geratu zen atzo Orobi aldean egin zuten tortilla eta bakailao txapelketan. Luzeak egin dira euripean eraman beharreko egunak, garratzak frontoi azpian gorde beharreko ekintzak. Gerizpean gordetzen den sugandila bezala ibili dira arratiarrak, esperoan.
Eta egunotan izandako pazientziak saria izan zuen atzo. Giro bikaina, garbia, urdina, gozatzeko modukoa. Arratsaldeko bostetan zuten jarria hasierako hitzordua. Ordurako, ehunka gazte, heldu eta familiak Olabarriko zirkuituko maldak hartuta zituzten, batzuek babesteko haima eta guzti.
Giro alai, eder, horren abaroan Anartz Gumuzio gaztea inguratu zitzaigun. Umore biziz, lagunekin batera pasa den urtean kuadrillen txapelketa irabazi zutela kontatu zigun, eta beraz, aurten lasaitasun handiagoz hartu dutela. «Aurreko urtean bakailaoa eta tortillak prestatu genituen, kuadrillen olinpiadetara begira, baina aurten lasaiago hartu dugu, tortilla bakarra prestatuko dugu», azaldu digu barre artean.
Ingurura so eginda, segituan izan genuen ohartzeko aukera bestelako txapelketa gastronomikoetan ikusten ez den irudi batez. Gazteen kuadrilla piloa eltze artean, patatak zurituz, arrautzak irabiatzen, errezeta egokiaren bila. Tropela kuadrillako kide da Ane Gorostiagak eta berak azaldu zigunez, aurkezten diren bigarren urtea dute aurtengoa: «Bai, iaz hemen izan ginen, eta aurten errepikatzea erabaki dugu. Momentuz bakailaorik ez, tortilla soilik aurkeztea erabaki dugu». Garagardo ilunari emandako trago artean, egun osoa eman dutela adierazi digu, «eguraldi ona baliatuz, kuadrillako gehienak hona etorri, eta txapelketa baliatuta, giro eder honetaz gozatzera animatu gara».
Orobiko larre berdeetan bildutako zenbait familiak ere egun pasa egitea erabakia zuten. Neska-mutil gazteen oihu eta lasterketa artean, Igorreko kuadrilla aurkitu genuen. «Txapelketara animatzen garen gure lehendabiziko aldia da» azaldu ziguten, erdi lotsatuta. Eguraldiak funtsezko papera jokatu zuen erabakian: «Bai, argi dago eguzkiak asko laguntzen duela. Goizean goiz etorri, eta umeentzako espazio bikaina dago hemen».
Inguruan, kontraste ederra eginez, Dabid eta Ander aurkitu genituen haimaren muntaketan, izerdi patsetan, baina gustura. Esperientziaren ahotsa: «Hasieratik ibili gara txapelketan. Beti kuadrilla berbera batzen gara, tortilla zein bakailaoa egiteko».
Kuadrillen garrantzia
Bildutakoen gomendioz, beteranoz jositako kuadrilla batengana jo genuen, txapelketaren, eta oro har, jai ereduaren arrakastaren muinaz berba egiteko.
Azaldu zigutenez, orain dela hamar urte panorama bestelakoa zen. Gauetan jai, egunez lo. «Horri buelta ematea erabaki zen, eguneko ekintza parte-hartzaileak antolatuz eta gazteen kontzientziak piztuz».
Bide horretan, kuadrillak jokatutako paperak berebiziko garrantzia izan duela azaldu zuten: «Olinpiadak, umore rallya, eta bestelakoak... kuadrillek ematen diote bizitza, kolorea jaiari. Argi geratu da, denborak erakutsi du, bere garaian egindako apustuak bere fruituak eman dituela».
Datorren urtean kuadrillak protagonismoa izaten jarraituko dute, baina «zenbait sorpresa egongo dira horren harira». Adi ibiliko gara, badaezpada.