Mattin Larzabal | Gure Irratiko kazetaria
«Emeki, irautearen indarrez, Gure Irratiak bere lekua egitea lortu du»
Gure Irratiaren hasierako garaiak ezagutu, eta hogeita hamar urtez aritu da Mattin Larzabal Gure Irratian kazetaritza lana egiten. 63 urte beteko ditu laster, eta gaur egun euskara hutsean ari den irrati bakarreko kazetari bezala, euskaltzale bezala eta kulturgintza munduan egindako lana omendu zuten atzo Baionako Euskal Museoan. 1983ko apirilaren 1ean hasi zen lanaldi osoan irratian lanean.
Ainize BUTRON | BAIONA
Gure Irratiaren egitasmoa abiatu zelarik, Luzien Etxezaharreta hurbildu zitzaion Mattin Larzabali euskara hutsezko irrati horretan zangoa sartzea proposatuz. Eta atzo, irrati horretan hogeita hamar urteko karrera erretretarekin amaitzen zuela, aitortu zuen hasiera hartan, garaiko hainbat euskaltzalek bezala, ez zuela proiektuan «sinesten». Langabezian geratu zela-eta, bere lankideekin batera, irratian buru-belarri sartu zen, lehenik laguntzaile gisa, eta urtebeteren buruan, langile gisa. Animazioak, irrati saioak eta albistegi sailak eramaten aritu da geroztik. Hasieran ezagutu zituzten arazo ugariak gogora ekarri zituen atzo: diru laguntzarik eza, arlo teknikoan material kaskarra edo zabaltzeko aukera murritzak.
Erretiroa hartu duzu. Zaila da 30 urteko ibilbidea aipatzea, baina, Gure Irratiaren hasiera horiek aipatu ditzakezu?
Gure Irratia 81eko abenduaren 24 batez sortu zen, eta arrats horretan, Luzien Etxezaharreta gurutzatu nuen. Erran zidan, «ikusi duk sarri hasiko gara arratseko zazpietan euskarazko irrati bat!». Zoriondu nuen, baina nire baitan ez nuen batere sinesten euskal irrati bat egun osoan euskaraz eman zezakeenik eta iraungo zuenik. Orduan bazen Radio Adour Navarre irrati elebiduna. Handik hilabete pare baten buruan langabezian geratu nintzen, eta musika aurkezten hasi nintzen, laguntzaile bezala. Orduan, orduak emendatu behar zirela-eta, egin zen kanpaina bizkorra hilabeteko sostengua eskuratzeko herritarrengandik, eta sostengu jarraiki bat sortu zen. Kontratu lagunduak baliatuz nire lanpostua estatutuak ordaintzen zuen.
Proiektu berria zen, eta gainera, kazetaritzaren ezagutzarik ez zenuten...
Hasi ginen ikasten. Sekula ez baikinen lan horretan aritu. Dena behar zen egin eta asmatu. Gainera, irratia bera zabalkundean nahiko txikia zen. Errobi ibai aldean emititzen zuen Milafrangatik, eta nahiko zabalpen txikia zen. Laburbilduz, gainetik ibiltzeko zubia guhaurrek arituz aurrera eraman genuen. Ni hasi aurretik, irratia emititzen hasia zen arratseko zazpietatik gaueko hamarrak arte, eta ni sartu ondoren, goizez emititzen hasi ginen. 90. urtean sekulako jauzia eman zuen irratiak animazioan.
Hasiera horiek abentura handiak ziren?
Bai. Oroit naiz orduko Korrika batean antena kontrabandan Baigura kaskoan jarri zela. Baionatik hasi zen Korrika urte horretan, eta bat-batean zabalpena biderkatu zen horri esker. Ez zen ongi ibiltzen. Eta ortzantzarekin luzaz kristoren arazoak izan genituen. Orokorki, erran behar da, garaian ez zela asmatu politika linguistiko bat, beraz, ez genuen diru izpirik. Udaletxe batzuek ematen ziguten zerbait. 86an Baionara joan ginen, eta hor garai berria izan zen. Aitortu behar da abentura bat izan zela. Orduak, bistan dena, ez kondatzen, teknikaren aldetik K7ak baliatzen genituen. Modelo merkeenak ziren dirurik ez baikenuen.
Sinetsi duzu azkenean?
Bai, arituz. Radio Adour pikutara joan zen, azkarki jautsi zen. Gure formulan, osoki euskaraz zena, jende biziki gutxik sinesten zuen hasieran, eta emeki-emeki, irautearen indarrez, gure lekua egin genuen nonbait. Eta, Xiberoko eta Irulegiko irratiak 82an sortu ziren. Elkarlana 87tik abiatu genuen jadanik. Meza denetan banatua zen, eta pilota partidak ere bai.
«Irratiak zabalkuntza txikia zuen, eta, Milafrangatik emititzen zuen. Gainetik ibiltzeko zubia guhaurrek arituz aurrera eraman genuen»