GARA > Idatzia > Kultura

Atzeko gela(k)

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Carmen Martin Gaiteren «El cuarto de atrás» (1977) autobiografia bat ez den arren (memoria liburutik gertuago dago), elementu autobiografiko dezente ditu. Lanak egilearen izen eta lanbide bera duen emakumea du protagonista, eta hark gerra zibilari buruz dituen oroitzapenak idazlearen beraren oroitzapenetan oinarrituta daude. Carmen pertsonaiak azaltzen duenez, umetan eta gerra aurretik gela bat zuten berak eta bere ahizpa Anak gurasoek Salamancan zuten etxean, izenburuko atzeko gela. Haurtzaroko espazioa zen hura; bertan jolastu egiten zuten helduen mundutik at, han irentsi zituen Elena Fortunek eta Antoniorroblesek haurrentzat idatziriko liburuak. Atzeko gela espazio dionisiakoa zen nolabait, plazerari eta kaosari emana, paradisu galdua nolabait esatearren. Gerra hastearekin, baina, jolasaren gune idealizatu eta mitiko hori desagertu egingo da, beharrak bultzatuta helduen munduko elementuen biltoki bihurtzen denean: merkatu beltzean bakarrik lor daitezkeen elikagaiak, sukaldeko tresnak... Jolasaren tokia hartuko du erabilgarritasunak eta, ordezkatze prozesu horretan, haurtzarotik helduarora, idealetik errealera igaroko dira pertsonaiak. Gerrak denetan eragiten du, haurtzaroa barne. Liburuko Carmenek inpresioa du gatazkak haurtzaroa lapurtu ziola; ezin ametsik esan errealitatea hain modu bortitzean azaltzen denean.

Azken asteetan gerra zibilari buruzko albiste dezente kaleratu dituzte: epaiketak Argentinan egitearen aukera, hobi komunen inguruko informazioa... Haiek irakurrita haurrengana joaten zait gogoa eta haien atzeko geletara. Zenbat ez ote ziren suntsitu gerraren prozesuan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo