GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Oakley PRO Bali 2013, WCT zirkuitua bere onenean

WCTko 34 lehiakideak Indonesian dira Keramaseko eskuin olatuan lehiatzen eta Florence gazteak historia egin du aireko batekin.

p052_f01.jpg

p052_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Baliko Keramas urautsian dira munduko lehiakide onenak eta aste honetan bertan erabakiko da WCT itzuliko bosgarren probako irabazlea nor den.

Egun, ASPko ranking orokorrean Kelly Slater da buru, baina Brasilen, itzuliko hirugarren proban ikusi ahal izan zen bezala, txapelketa baten ostean ranking orokorra goitik behera alda daiteke.

Hamar txapelketaz osatutako zirkuitua, ibilbidearen erdigunean aurkitzen da; beraz, azken txanpan indarrez sartzeko aukeran daude oraindik lehiakideak eta indarrak xahutzen hasi aurretik ahal bezainbeste puntu bildu nahi dituzte.

Balin hasi da, beraz, txapelketa. Bai indartsu hasi ere. Keramaseko eskuin olatuak aukera asko eskaintzen ditu surflariak nahi adina eta nahi bezalako ariketak egiteko, eta ondorioz, maila goreneko txapelketa bat ezin ikusgarriagoa bilakatzen da itsasoko baldintzak onak direnean. Hala ere, lehiakide batzuek besteek baino ikuskizun handiagoa ematen dute, eta hori John John Florencek argi utzi zuen lehen errondako txandan.

KERAMAS. Baliko irlan dagoen eskuin olatu hau famatua da, batetik bere olatuen kalitate onagatik, eta, bestalde, azken urteetan PRIME kategoriako txapelketa ugari egin delako bertan. Indonesiako irla famatueneandagoen eskuin olatu honek mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen du.

Hondoan korala dago eta olatuaren alde batzuetan sakonera oso gutxi izaten da; beraz, tubo formako olatu borobilak eratzen dira. Olatuaren zenbait zatitan, ordea, olatua apur bat moteltzen da, eta orduan, maila handiko surflariek, airekoak eta antzeko ariketa erradikalak egiten dituzte.

Keramaseko hondartzan, harea beltza da. Bali uhartearen izaera bolkanikoa dela-eta, bi motatako hondartzak aurki daitezke bertan; batetik harea beltz-beltza duten hondartzak eta, bestetik, arrezife eta korala izaten den inguruneetan aurkitzen diren ohiko hondartza zuri-zuriak.

Indonesiako irletan erlijio musulmana da nagusi, baina Baliko irlan hindu erlijioak indar handiagoa du; horregatik, txapelketaren irekiera ekitaldia erlijio horrek eta bertako ohiturek agintzen duten moduan egin zuten.

WCTko lehiakideek eta txapelketan parte hartzeko gonbidapen wildcarda jaso zuten hiru lehiakideek antolatzaileek zeremonian behar bezala parte hartzeko eskainitako arropa zuriak jantzi behar izan zituzten. Ekainaren 18an hasi izan zen irekiera ekitaldia eta abade moduko batek gidatu zituen surflariak otoitzetan.

Oakley Pro Baliko txapelketan hiru gonbidatu ari dira lehiatzen, Bruce Irons, Jack Robinson eta Oney Awar.

Bruce Irons hawaiiarra da eta zenbait urtez WCT zirkuituan lehiatzen ibili zelako eta bere anaia Andy zirkuituan parte hartzen ari zela hil zelako da ezaguna. Jack Robinson oraindik ez da oso ezaguna, baina etorkizun handia du australiar gazteak. Hirugarren lehiakidea, Oney Awar, Bali bertakoa da. Trials txapelketa irabazteagatik lortu du lehen mailako txapelketan parte hartzeko gonbidapen wildcarda.

AIREKO HISTORIKOA. WCT itzuliko azken txapelketa modu ikusgarrian hasi zen. Keramaseko eskuin olatua bere onenean zen, bi metroko olatu luze eta garbiekin; beraz, ikuskizuna ziurtatua zegoen.

Lehen errondak hiru lehiakidez osatutako txandekin hasi ziren. Mota guztietako ariketak ikusi ahal izan ziren, baina oso gutxi izan ziren puntuazio altuko olatuak egin zituzten lehiakideak. Zentzu horretan, puntuazio altuenak eta ikuskizun handiena eman zuen txanda azken txanda izan zen.

Bi hawaiiar, Sebastien Zietz eta John John Florence gazteak, eta Miguel Pupo brasildarra. Azken honek guztira 13,6 puntu baino ez zituen bildu; beraz, bere kaleratzea ziurra zen.

Zietzek 19,37 puntu bildu zituen bi olatu hoberenekin. Ordura arte txapelketan inork lortutako emaitza onena zen, beste lehiakideen artean 17 puntu baino gehiago inork ez baitzuen lortu. Beraz, argi zegoen txanda hura irabazi zuela, edo gutxienez, bere aurkariak hura gainditzeko hamar puntuko olatu bat hartu beharko zuela, eta halako txapelketetan hori oso zaila denez, jendea zorion mezuak igortzen hasi zen Twitter bidez ASPko streaming pantailara.

Jonh John Florence ez zegoen etsitzeko prest, ordea. Olatu bat hartu eta txapelketen historian egin den aireko altuena egin zuen. Ia bi metro eta erdi olatuaren gainetik atera ostean, «Alley Oop» ariketa egin eta olatuaren magalera itzuli zen. Alegia, airean 360 graduko itzulia egin zuen.

Sekula txapelketa batean inork aireko batekin lortu ez duen altuera hartu ostean, leun itzuli zen olatura. Epaile guztiek hamarrekoa eman zioten, eta guztira bildutako 19,87 punturekin bere aurkaria garaitu ahal izan zuen. Dudarik gabe, eguneko izar bilakatu zen hawaiiarra.

irekiera ekitaldia

Indonesiako irletan erlijio musulmana da nagusi, baina Baliko irlan hinduismoak indar handiagoa du. Txapelketaren irekiera ekitaldia bertako ohiturek agintzen duten moduan egin zuten.

John John Florence

Ia bi metro eta erdi olatuaren gainetik atera ostean, «Alley Oop» ariketa egin eta olatuaren magalera itzuli zen. 360 graduko itzulia egin zuen. Txapelketa batean egin den aireko garaiena izan zen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo