GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

International Surfing Day

 

1589.urtean Sixto V.a aita santuak zikiratuek San Pedroko basilikan abestu behar zutela erabaki zuen. Barrabilik gabeko abeslari haiek, gizonezko kontrabaxu edo tenore altu izan beharrean, nota altuetako soprano fin bilaka zitezen. Hiru mendez testikuluak erauzi zizkieten gizonezkoak izan ziren emakumeen lekua bete zutenak elizako koruan. Evaren oinordeko bekatarien ahots finak galaraziak zeuden, tenpluetako aratza zikintzen baitzuten. Egun, ahots finez abesteak badu espresuki dagokion egun bat, abenduaren 13a hain zuzen.

Atzokoa bezalako egun batez ostera, gau erdian txinpartak su bilakatu eta sugar haizeak ikus daitezke gure txokoetako baserri eta auzoetan. Jendea elkartu eta suaren berotasunean biltzen da. Gau honetan etxe eta arimak garbitu, traste zaharrak erre eta antzinako desioak ezabatzen omen dira.

Ohitura hau asko zabaldu omen zen, munduko hainbat lekutan, eta beti izan zen festa paganoa, Eliza katolikoak gau hau San Juan deitu zuen arte.

2004. urtean, Surfrider fundazioak eta «Surfing Magazine» aldizkariak ekainaren 20a «International Surfing Day» gisa bataiatu zuten. Ordutik, ahots fineko abeslariek edo sugarren gauak bezala, surflariek ere badute beren egun sakratua, lagun artean bildu eta nahieran osptazeko. Orain, ordea, Europako surflariek data santua aldatu eta ekainaren 23ra pasa omen dute. Hala dio, Euro SIMA webguneak.

Ez dut uste surflariona harro egoteko komunitate bat denik, ohiko topikoak, beste edozein gremiotan ez bezala gurean, egiazkoak baitira. Giza talde lotsagarririk bada, dudarik gabe, surflariona da. Baina, begira, halako tontakeria batean adostasun bat lortzeko gaitasuna bazelakoan nengoen. Antza, beste behin ere, Platon gailendu zen nigan.

Nork erabakitzen du zein egun nola bataiatu behar den? Horra galdera. Ahots fin zorrotz bat entzun dezaket galdera beste galdera batekin erantzuten. «Zer dio aita santuak?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo