Ben Player australiarra buru munduko Bodyboard itzulian, Brasilgo txapelketaren ostean
H. L. A. | BRASIL
Brasilen egin zuten munduko bodyboard itzuliko azken txapelketaren ostean, postuak aldatu dira ranking orokorrean. Guztira, zazpi probak osatzen duten Grand Slam Series goi mailako bodyboard itzuliak Brasilen egin zuen bere azken geldialdia, Itacoatira urautsian.
Txileko proba irabazi ostean, Ben Player australiarrak hartu zuen rankingeko lehen postua eta, Brasilgo txapelketa irabazi ez zuen arren, lehen postuari eutsi ahal izan zion azken txapelketan bildutako puntuei esker. Bederatzigarren postuan geratu zen, baina puntu nahikoa bildu zuen lehen rankingeko buru jarraitu ahal izateko.
Aldaketak, ordea, bigarren postutik behera gertatu dira; izan ere, azken bi txapelketetan Amaury Lavernhe lehiakideak lortutako emaitzek bigarren postura igo dute Reunion irletako bodyboardzalea eta, ondorioz, beste lehiakide batzuek behera egin dute.
Hain zuzen, Lavernhe bera izan zen itzuliko laugarren proba irabazi zuen lehiakidea. Bi metroko olatu indartsuak izan ziren finalean, gogor aritu zen eta aurkari zuen Jeff Hubbard hawaiiarra mendean hartu zuen. Lavernhek, bere bi olatu onenekin, 14,76 puntu bildu zituen guztira, eta Hubbardek, berriz, 13,56 puntu bildu zituen. Puntu bat baino gutxiagogatik irabazi zuen beraz, Lavernhek.
Honela mintzatu zen sari banaketaren ostean irabazlea: «Zoragarria da. Ezin dut sinetsi hau gertatu denik. Jeff oso ongi ari da surfean eta banekien gogor lehiatu behar nuela; ahal dudana egin dut eta emaitza zoragarria da».
Iaz Dave Winchester australiarrak irabazi zuen Brasilgo proba hau; aurtengoan, berriz, Amaury Lavernhe izan da garailea, eta, ondorioz, esan bezala, ranking orokorreko bigarren postua eskuratu du. Hirugarren postuan Brasilen finalean izan zen Jeff Hubbard dago. Eta laugarren postuan, Dave Winchester, esan bezala iazko Brasilgo irabazlea.
Alex Uranga zumaiarrak ez zuen postu on bat lortu Brasilen, baina gainerakoen emaitzen ondorioz izan diren aldaketei esker postu bat gora egin du ranking orokorrean eta, egun, hamargarren postuan da.
Munduko bodyboard itzuliko hurrengo proba Hegoafrikan izango da Herolds Bayko urautsian, irailaren 26 eta urriaren 5a bitartean.