sega | Gipuzkoako finala
Esnaola ezin hobeto hasi da
Legorretako segalaria lehen aldiz aritu da aurten era tradizionalean eta garaipen handi bat lortu du jadanik. Juan Joxe Lizaso oso gertu izan zuen atzoko finalean, baina aiarrak ezin izan zuen lehen postua eskuratu. Mikel Alkortak lortu zuen hirugarren postua.
Jon LEUNDA
Igor Esnaolak irabazi zuen atzo Aian Gipuzkoako txapela. Eguraldi petrala egin zuen, baina 500 ikusle inguru batu ziren neurketa ikusteko asmoarekin. Belarra nahiko zaila zegoen, leku batzuetan nahiko nahasia ere bai, eta ur askorekin, guztia erabat normala, Euskal Herrian izan dugun eguraldia kontuan hartzen baldin badugu.
Segalari bakoitzak zortzi sail izan zituen ebakitzeko, guztira 1.700 metro. Lauetako inork ez zuen lortu, ordea, denak amaitzea. Esnaola eta Lizaso bakarrik ari ziren azkeneko sailean, ordubete pasa eta epaileek saioa amaitzeko txistua jo zutenean. Beste biak, Alkorta eta Garaialde, zazpigarrenean ari ziren, lanerako denbora amaitu zenean.
Aditu guztien ustez Lizaso eta Esnaola ziren txapela lortzeko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, bien arteko dema handia izan baitzen. Hala ere, Alkorta ere hauengandik oso gertu geratu zen, nahiz eta sailetan dezentez atzerago ibili zen. Berriro ere, ordea, garbi geratu zen sailetan aurrera joateak bakarrik ez duela balio, eta segalarien arteko denborek ere ez dutela ezertarako balio.
Hasi bezain azkar hasi ziren segalariak jo eta jo, eta lehen kolpetik aurre hartu zuen Igor Esnaolak. Legorretakoak lehen urtea du era tradizionalean parte hartzen, eta hasiera ezin hobea eman dio. Bera beti nagusi izan zen sailetan, baina Lizaso aiarra ere beti gertu izan zuen. Beraien atzetik, Alkorta eta Garaialde jarri ziren, eta hasieratik amaierara gauzak horrelaxe joan ziren, aldatu gabe.
Sustoa
Esnaola beti aurrena zen sailetan, baina kontua belarra nola mozten ari diren ikustea izaten da, sailak pasatzeak bakarrik ez baitu balio izaten. Adituen ustez, Esnaola hobeto ari zen mozten, baina hori pisaketetan ikusi beharra zegoen.
Sailei begira jarrita, Legorretakoak bere horretan jarraitzen zuen, eta Lizaso bera harrapatu nahian zebilen behin eta berriz. Beste lehia, ordea, Alkortaren eta Garaialderen artean zegoen, edo hori zirudien, sailetan beste biak baino dezentez atzerago geratzen ari zirelako. Hala ere, amaieran Alkorta lehen bietatik oso gertu geratu zen. Hori bai, Asteasun bizi den donostiarrak bosgarren sailean izan zituen arazorik handienak. Belarra nahastu samarra zeukan, eta ez zuen mozten asmatu, eta Garaialdek ia harrapatu egin zuen, nahiz eta berriro ere buelta eman eta gauzak bere lekura joan ziren amaiera aldera.
Azkenean, bete ziren lanerako zituzten 60 minutuak, eta sailetan alde handiegirik gabe amaitu zuten Juan Joxe Lizasok eta Igor Esnaolak, nahiz eta azken hau zerbait aurrerago zegoen epaileek amaierako txistua jo zutenean. Beste biak, berriz, ia sail bat atzerago zeuden.
Behin segalarien lana amaituta, biltzaileena geratzen zen, eta hor deskuidu handi samarra izan zuten Esnaolaren taldekoek. Ustez dena amaituta zutelakoan, lasai geratu ziren, baina sail oso bat zuten biltzeko. Presaka eta korrika aritu behar izan zuten falta zitzaien saila biltzen, baina denboraren barruan sartu ziren, eta belar guztia pisatu ahal izan zuten. Eskerrak garaian konturatu ziren, bestela txapela Aian geratuko baitzen atzoko finalean.
Final honetan nabarmendu beharrekoa, zaleen erantzuna izan zen. Goiz erabat petrala egin zuen. Euria eta haizea izan ziren protagonista, paraje paregabe batean, baina, hala ere, 500 ikusle inguru bertaratu ziren. Segalaritza jendeak oso gustuko duen kirola da, eta, atzo eguraldi ona egin izan balu, jendetza handia bilduko zen bertan. Pena horrekin amaitu zuten antolatzaileek, baina eguraldiaren aurrean ezin ezer egin.
Orain Euskal Herriko Txapelketa izango da, eta berriro ere protagonista berak izango dira faborito. Gainera, Ormaetxeak eta Goenagak, beste bi segalari handik, beste aukera bat izango dute. Aurtengo segalarien denboraldia oso erakargarria geratu da, eta atzo eman zuten ikuskizuna ere paregabea izan zen, zaleek gozatzeko modukoa.
Haizea eta euria izan ziren atzoko finaleko protagonista nagusiak, baina, hala ere, 500 ikusle inguru batu ziren finala ikustera. Segalaritza oso gustuko kirola da Gipuzkoa aldean, eta atzokoan ere hori argi eta garbi geratu zen.
«Belarra ez zegoen erraza, azpian lurra zegoen, eta ez zen erraza kolpe bat ongi ematea. Uste dut denok egin dugula lan handia», esan zuen Igor Esnaolak, atzoko finala amaitu ostean.
Legorretako segalariak lehen aldiz hartu du parte era tradizionalean, eta hasiera ezin hobea izan du. «Egia esan zalantza asko izan nituen. Hasteko, izena ematerako orduan, baina behin pauso hori eman nuenean, prestatzea besterik ez zen geratzen. Uste dut zorte apur bat ere izan dudala, baina egindakoarekin oso gustura geratu naiz, eta hori da garrantzitsuena», aitortu zuen Legorretakoak.
Aurrez aipatu bezala, egin zuen lanarekin gustura geratu zen, baina tartean arazoren bat edo beste ere izan zuela onartu zuen: «Ordubeteko saioa luze egiten da, eta orokorrean ez dut arazorik izan, baina hasi eta berehala izan dut txakalaldi bat. Hala ere, buelta eman diot, eta aurrera egin dut. Sailetan ere lehenengo nindoan, eta horrek beti indarra ematen du», aitortu zuen, atzo Aian txapela lortu zuen segalariak.
Biltzaileek izan zuten deskuidua ere normaltzat jo zuen. «Deskuidu handi samarra izan dute, baina honelakoak gertatzen dira, denoi pasatzeko modukoa delako, eta onartu beharra daukagu. Zorionez, amaieran ez du eraginik izan», esan zuen.
Atzo txapela lortzeak, Euskal Herrikoari begira ere indar handia emango dio. «Txapel honek aurrera egiteko indar handia emango dit», esan zuen. Garaipena eskaintzerako garaian, gogoan izan zuen kartzelan daukan Aitor anaia. J.L.