GARA > Idatzia > Kultura

aitor iturralde «itu» eta iker iñigo «antxus» | skasti taldeko soinu jotzailea eta abeslaria

«Ska egite hori bukatu zela ikusi eta benetan ateratzen zaiguna egiten hasi gara»

Zarauzko bederatzi gaztek osatzen dute Skasti. 2011 hasieran, ska eta reggae doinuz osatutako lehenengo diskoa kaleratu zuten. «New age» da berriki aurkeztu duten autoekoitzitako bigarren lana eta izenak dion moduan, aro berri bat zabaldu nahi dute euren ibilbidean. Gaztea maketa lehiaketako epaimahaiaren saria zein entzuleena eskuratu dituzte eta Bilboko BBK Live jaialdian izango dira uztailean.

p056_f02.jpg

Ane ARRUTI | ZARAUTZ

Ska eta reggae doinuak sintetizadore eta dantzalekuetako erritmoekin nahastuz, itxura guztiz berrituta aurkeztu du Skasti taldeak bere bigarren diskoa. Bederatzi kantuz osatuta dago lana, bederatzi taldekideen artean lokalean bertan grabatu dutena. «New age», aro berri bat zentzu guztietan: musika estiloan, estetikan, musika ulertzeko eta bizitzeko moduan...

Aldaketaren emaitza onak dagoeneko ari dira jasotzen. Gaztea maketa lehiaketan epaimahaiaren saria zein entzuleena jaso dituzte, biak, orain arte beste inork lortu ez zuena. Sariaren parte izango da uztailaren 11n Bilbao BBK Live jaialdian jotzea. Udako agenda bete-beteta dute. Ekainaren 25ean etxean joko dute, Zarautzen, 29an Azpeitian, uztailaren 6an Errekalden, 13an Arroan, 14an Alegian... Gustura daude bide berriarekin eta horretan sakontzen segi nahi dute.

Lokalean ekoitzi eta grabatu duzue diskoa, dena zuen kabuz.

Itu: Joel (Crespo) gitarrista izan da grabaketa prozesua eraman duena. Mattin Epeldek utzi zizkigun grabatzeko mahaia eta materiala, eta, egia esan, pixka bat kostatu da. Joelen lehenengo lana izan da, gu ere bederatzi gara, eta, badakizu, gainera, lagunen artean nola izaten den. Luze joan da baina gustura gaude esperientziarekin.

Antxus: Aurreko diskoa ere lokalean grabatu genuen. Bat pasatzen zen grabatzera eta gainerakoek ordenagailuaren aurrean tekniko lanak egiten genituen.

Eta zergatik berriro aukera hori? Ez duzue nahiago izan estudio batera joatea?

Antxus: Planteatu izan dugu, baina lokalean gelditzea erabaki dugu. Autoekoizpenarekin nik uste meritua edo, behintzat, poz handiagoa ematen dizula eta ikasteko ere kristoren aukera da. Joel gitarra-jotzailea orain horretan dabil eta David (bateria) ere musikan aritu da denbora askoan, eta hau aldatzeko aukera bat da, instrumentuak jotzeaz gain, beste alor batzuk ukitzeko. Eta ekonomiagatik ere bai. Garestia da oso tekniko profesional batekin denbora tarte bat hartu eta berak zuretzat bakarrik lan egitea.

Itu: Zortea izan dugu, Epeldek, laguna izanda, materiala utzi digu arazorik gabe.

Bederatzi zarete, prozesu luzea izan da?

Antxus: Urritik hasi eta diskoa orain hilabete eskas atera da... Ia sei hilabete.

Xuxurla zigiluarekin egin duzue banaketa, ez nuen ezagutzen...

Itu: Behin grabaketa eginda, Zestoara eraman genuen masterizazioa egitera. Grises taldeko abeslariak, Eñautek [Gaztañaga], egin digu. Madrileko Origami Recordsekin ibili izan dira beraiek eta zigilu horrek bazuen Euskal Herrian zerbait egiteko gogoa. Aukera ikusi zuten gurekin hasteko. Esan daiteke Xuxurla Origamiren Euskal Herrirako marka berria dela eta guk estreinatu dugula.

«New age», aro berri bat?

Antxus: Momentu bat iritsi zen taldean erabaki genuela aldaketa bat behar genuela, bai musikalki bai taldearen proiekzioan. Buelta bat eman nahi genion ordura arte egiten genuenari. Hori islatu nahi genuen: gure mentalitatea aldatu dela, gure musikaren pertzepzioa ere bai, dedikazio gehiago eskaini nahi diogula...

Aldaketa kontzienteki hartutako erabakia izan da orduan.

Itu: Iritsi zen momentu bat pixka bat aspertu egin ginela gure norabidearekin, ez genuen gehiegi sinesten musika mota horretan. Hori bukatu zen eta kantu berriak egiteari ekin genion, guk nahi genuena.

Kantuen estiloan aldaketa agerikoa da, Skastik oso gutxi du orain ska musikatik. Zer duzue buruan? Nora nahi duzue jo?

Antxus: Ez daukagu helburu finkorik. Ska egite hori bukatu zela ikusi genuen eta benetan ateratzen zitzaiguna egiten hasi ginen, nora iritsi nahi dugun oso ondo jakin gabe. Ateratzen zaiguna kantuetan islatuz. Produktiboena ere hori da, zuk nahi duzuna egin, gustura sentitu, eta jendearengana ere horrela iritsiko zara ondoen.

Itu: Ska original hori ere ez genuen egiten, eta ikusten genuen badaudela Euskal Herrian talde mordoa ska-punk hori egiten. Aspertu egin ginen pixka bat hori entzuteaz eta jotzeaz.

Zeintzuk dira erreferentziak? Zarauztarrak izanda, nabari da Deloreanen kutsu bat...

Antxus: Delorean bai izan dela talde bat hasieratik entzun duguna eta, azken bolada honetan, gure kantuetako erritmoetan beti saiatzen gara hasierako Delorean huraren bateria erritmo horiek hartu eta aldatzen, orain arte egiten genuenarekin nahastu eta ea ze fusio ateratzen den.

Sintetizadoreak, beste nobedade bat. Jostailu berri bat?

Antxus: Imajinatu! Horrekin oso ilusionatuta dago jendea. Ematen dituen aukerak, soinu analogikoekin puskatu eta soinu sintetikoak sartu, askoz ere tratatuagoa dena, belarrira ere atseginago, zuzenekoetarako ere kristoren bultzada ematen du, joko handia ematen du. Estilo honetan murgiltzeko ere aukera ematen dizu...

Bi abeslarien ahotsetan ere nabari da aldaketa.

Antxus: Falta zaigu oraindik... Grabatzen sartu aurretik ere asko landu genituen, biok batera kantatzen genuenean zer egin, nola egin, grabazioan ere denbora eskaini genion horri, eta, zainduta dago, bai.

Itu: Bi abeslari edukita jokatzeko aukera gehiago ematen dizu. Lehen askotan biak tonu berdinean kantatzen zuten eta saiatu dira koroak beste modu batera egiten, eta kantu aberatsagoak atera dira.

Jaiak eta txosnak izan dira orain arte zuen habitat naturala. Estilo aldaketa honekin, non ikusten duzue zuen burua edo non gustatuko litzaizueke jotzea?

Itu: Txosnetan oso gustura jotzen dugu, egia esan. Bai gustatuko litzaigukeela Euskal Herrian zehar gehiago zabaltzea. Batez ere Gipuzkoan ibili gara, Gasteiz eta Bizkaia ere zapaldu izan dugu zertxobait. Baina gehiago zabaltzea ondo legoke, baita Estatu mailan ere. Katalunia hor daukagu beti buruan... Jende ezberdinarengana iritsi nahi genuke.

Antxus: Nik ez nuke nahi taldea enkasillatzea jaietako talde baten moduan. Joan herriko jai batzuetara eta han, fondoan dagoen taldea izatea. Hori ere ondo dago, baina hortik kanpo nahi nuke Skasti etxean entzun ahal izatea, edo autoan, edo musika entzutera zoazen festibal batean. Bestea kendu gabe, noski, festa zaleak baikara denok oso.

Momentuz BBK Live daukazue parez pare.

Itu: Talde gonbidatua izanik goiz joko dugu eta ez dakigu zenbat jende egongo den. Baina jotzea bakarrik kristoren agertoki batean, kristoren ekipoarekin... Ilusioarekin goaz. Txosnetan eta gaztetxetan ohituta gaude eta hau berria da. Festibal batek barrutik nola funtzionatzen duen ikusteko ere badugu gogoa.

Gaztea maketa lehiaketako saria izan da hori. Epaimahaiaren zein entzuleen sariak jaso dituzue, orain arte inork lortu ez zuena.

Antxus: Azkenengo momentuan erabaki genuen parte hartzea. Taldekide batek komentatu zuen ez genuela ezer galtzeko eta aurrera egin genuen. Behin erabakita, buru-belarri jarri ginen horretara. Kanpaina bat egin genuen, lagunak mobilizatu genituen bozak lortzeko, eta Bilborako pasaportea lortu genuen, Bilborockeko finalean jotzeko. Han epaimahaiaren gustukoak izan ginen. Lehenengo aldiz eraman ditu bi sariak talde berdinak. Eta kristorena izan da oihartzuna. Maketa lehiaketak berez baldin badauka, bi sariekin oraindik gehiago.

Ari zarete igartzen oihartzun hori?

Itu: Asko. Lehiaketa irabazi eta hurrengo bi astetan kontzertu pilo bat atera zaizkigu. Leku ezberdin askotatik deitu digute.

Antxus: Gainera, iruditzen zait baldintza hobeagotan deitu gaituztela. Telefonoa hartu eta beste tratu bat izan dugu, ez dakit errespetua den edo... Prentsarako saltoa ere horrekin etorri da.

Maketa lehiaketa horretatik izen handiak atera dira, ardura bat suposatzen du zuentzat?

Itu: Bertigo pixka bat ematen du. Egia da orain olatu horretan gaudela, baina olatu hori mantentzea ere zaila izango da; ikusita zein talde egon diren aurretik, denetik egon da. Batzuk aurrera atera dira, besteak ez... Hala ere, ez dugu kristoren presioa sumatzen. Ilusioa gehiago da ardura baino.

Antxus: Ardura agian jendea zain egongo delako, «ea hauek zer eskaintzen duten». Baino atzera begiratu eta ikusita talde hau eta hau hortik pasa direla eta iritsi diren tokiraino iritsi direla, pentsatzen duzu, eta zergatik gu ez?

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo