GARA > Idatzia > Kultura

Gemma Urteaga izan da garaile Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Orion

Bertso zaletasuna sustatzeko helburuarekin urtero ospatzen den txapelketa bi txandatan jokatu zen. Txikien artean, Zarauzko taldea izan zen onena. Helduen artean, berriz, Gemma Urteaga beasaindarra.

p054_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lankidetzan antolatu dute Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketaren 25. edizioa. Aurtengo finala larunbatean jokatu zuten Orioko Karela kiroldegian, egun osoan zehar.

Finala bitan banatu zuten. Goizean gazteenak aritu ziren, taldeka banatuta eta euren eskualdeak ordezkatuz. Guztira 23 bertsolarik hartu zuten parte bost talde osatuz: Ekialdeko Bizkaia, Zarautz, Leitza, Araba eta Kanboko Xalbador ikastola.

Hiru izan ziren taldekideen artean banatu zituzten lan puntuagarriak. Urduritasuna agerikoa zen eta akats ugari egin zituzten denek, hala ere, hoberen aritu zena Zarauzko taldea izan zen, eta horrek eraman zuen, hain zuzen ere, txapela.

Saio dotorea

Arratsaldeko saioan 15 eta 18 urte artekoek izan zuten bertsotan aritzeko aukera. Gazteak dotore aritu ziren gaia emanda, momentu hori aprobetxatu baitzuten luzitzeko eta urteotan ikasitakoa eta entrenatutakoa bistaratzeko. Aipatzekoa izan zen gerora txapeldun bilakatuko zen Gemma Urteaga beasaindarrak arratsalde guztian zehar erakutsitako erregulartasuna. Ale onak bota zituen bai ofiziotan bai bakarka ere, eta nagusitasun handia erakutsi zuen lehia guztian zehar.

Mikel Iturriotz urretxuarra eta Txabel Altube abadiñarra ere ederki aritu ziren, baina ezin izan zuten beasaindarraren lan bikaina gainditu. Hala, Urteagak irabazi zuen azkenean aurtengo txapelketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo