KRONIKA | ATEZ ATEKOAREN GAINEKO HERRI GALDEKETA ZIZURKILEN
Iruzur frogek nahastu dituzte antolatzaileen emaitza «positiboak»
Bosgarren edukiontziaren alde 990 boto, 13 atez atekoaren alde, nulu bat eta zuri bat. Horiexek Tolosaldea Txukun plataformak asteburu honetan Zizurkilen antolatutako herri galdeketaren emaitzak. Atez atekoaren aldeko herritarren ikuskaritzarik ez dute onartu galdeketan, eta, iruzurra, susmo izatetik bideoan jasota geratzera pasatu da.
Maider EIZMENDI
Asteburu zalapartatsua izan dute Zizurkilen. Lehenengoa zen pasa den astelehenean herrian atez ateko sistema abian jarri zenetik, baina, halaber, Tolosaldea Txukun plataformak zaborrak jasotzeko sistemaren inguruko herri galdeketa egiteko aukeratutako asteburua ere bazen. Astean zehar ere bietariko mezuak jaso dituzte Gipuzkoako herri honetako biztanleek. Tolosaldea Txukun plataformatik, atez atekoa alboratu eta bozkatzeko deia egin diete, ez hala Udaletik. Galdeketa egiteko egoitza utzi arren, Udaletik «aurreiritziak baztertu eta herritarren parte hartzearekin adostu den atez ateko sistemari aukera ematea» eskatu dute, baita galdeketaren izaera «ez demokratikoa» salatu ere. Era berean, EH Bilduko Udal Gobernuak sei hilabeteko epean herritarrekin batera sistema berrikusteko konpromisoa agertu du, «guztion beharretara egokitzeko behar diren aldaketak egiteko». Adierazpen horiek ez dira, ordea, nahikoa izan galdeketa egiteko asmoa apaltzeko. Larunbat goizerako hitzordua, beraz, bere horretan mantendu zuen Tolosaldea Txukun plataformak.
Herriak itxura nahasia erakutsi zuen goizean goizetik larunbatean. Hasteko, aurreko egunetan baino sailkatu gabeko zabor poltsa gehiago ageri ziren kaleetan barna. Horrez gain, herri galdeketa hartu zuen Pedro Mari Otaño eskolaren atarian dozena bat ertzain ere ikus zitezkeen.
Galdeketa hasi baino ordu erdi lehenago, eskolara gerturatu zen herritar talde bat eta ikuskaritza lana egin ahal izatea eskatu zion Tolosaldea Txukun plataformari, «ahal den neurrian iruzurra handiagoa izatea eragozteko». Izan ere, boto delegatuak iruzur aukerak «parez pare zabaltzen» zituela uste zuten. Bertan egoteko baimenik ez zuten jaso, ordea. Herritar taldearen izenean Aizpea Zabalak salatu zuenez, galdeketa «inolako kontrolik gabe, nahieran» egin nahi zuten. «Ezer ezkutatzeko ez badute, zergatik galarazi digute sarrera?», galdegin zuen. Egoera ikusita, eskolaren atarian geratu eta, bederen, galdeketa egiten ari zen egoitzara sartzen zen pertsona kopurua zenbatzea erabaki zuten.
«Kontrolik gabe»
Goizeko hamarretan zabaldu ziren Pedro Mari Otaño ikastetxeko ateak eta berehala hasi ziren herritarrak boza ematen. Parte hartzeko nahitaezko baldintza bakarra herrian erroldatuta egotea zen; izan ere, boza beste norbaiten esku uztea ere onartzen zuten antolatzaileek. Naiz.info webgunean argitaratutako bideo batek frogatu duen moduan, gainera, kanpoan geratutako herritar taldearen susmoak berehala berretsi ziren. Izan ere, herri galdeketa hasi bezain laster, komunikabideetako kazetariak han egonagatik, delegatutako boto bat titularraren sinadura gabe emateko aukera eman zitzaion bertaratutako pertsona bati. Grabatutako irudietan ikus daitekeenez, Maria Anjeles Lazkano EAJko zinegotziak eskolan ez den hirugarren pertsona baten ordez bozkatzeko aukera ematen dio emakume bati botoa delegatzeko agiria eskolan bertan betez, nahiz eta gero kazetariei agiria etxetik sinatuta ekartzea ezinbestekoa zela ohartarazi.
Larunbatean egun osoz eta atzo laurak arte zabalik egon ostean, hautestontziak itxi eta berehala abiatu zen zenbaketa. 2.246 pertsonako errolda bat oinarri hartuta egindako galdetaren emaitza honakoa izan zen: 990 boz bosgarren edukiontziaren alde, 13 atez atekoaren alde, 1 nulua eta 1 zuria. Boto delegatuen inguruko zenbakirik ez zuten aurreratu.
Zenbaketaren ostean, Egoitz Sorozabal EAJko zinegotziak hartu zuen hitza. Hausnarketa lasaiago bat egin behar dutela iragarri bazuen ere, balorazio «oso positiboa» egin zuen, batez ere «bertaratutako jende kopuruarengatik». Emaitzak eskuan, alkateari zuzendu zitzaion eta «aldaketa bat» abian jartzea eskatu zion. Emaitzak notarioarengana eraman eta ostean Udalean aurkezteko asmoa ere agertu zuen. Tolosaldea Txukun plataformako eledun Patxi Amantegik ere «oso positibotzat» jo zituen emaitzak.
Datorren astean Villabonan, Anoetan eta Iruran deituta dituzten herri galdeketekin aurrera jarraitzeko indarra ematen dietela esan zuen.
Pedro Mari Otaño eskolaren kanpoaldean batutako herritar taldeak ere bere zenbaketa jakinarazi zuen. Azaldu zutenez, orotara 752 pertsona ikusi zituzten eskolara sartzen. «Ezin da jakin haiek zenbat boz eman dituzten, ezta guztiak Zizurkilgo herritarrak diren edo ez», ohartarazi dute.
Zenbaki dantzaren eta iruzur susmoen saltsan, Zizurkilgo herritarrek hondakin organikoen potoak zintzilikarioetan jartzen jarraitzen zuten atzo ilunabarrean. Gaur, berriz, ontzi arinak atera beharko dituzte.