GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Eldorado, urrun oraindik

1984an, «Eldorado edo desberdina izateko eskubidea» izeneko artikuluan, ondokoa zioen egileak homosexualitatearen harira: «Berlingo Museoak, alegia, erakunde ofizial batek, gutxiengo baten bizitza eta kulturari buruzko erakusketa bat antolatu izana, duela gutxira arte jazarria eta egun oraindik diskriminatua den gutxiengo horri buruzkoa, zalantzarik gabe jauzi kualitatibo ikaragarria da kultura europarraren eta homosexualitatearen arteko harreman bihurrian: heriotza-zigorra jasatetik Kode Penalean delitutzat jotzera; despenalizatzetik oraindik eragiten dituen bazterkeria sozial maila desberdinetara; luzea da ibilbidea».

Hogeita hamar urte geroago, ibilbidea are luzeagoa da. Jazarpena, gurean, ez da garai batekoa, eta agertoki publikoan politikoki desegokia bihurtzera ere iritsi da homosexualekiko mespretxua erakustea. Jada ez digu arreta deituko kolektibo horren gaineko erakusketa bat antolatzeak, edozeinek antolatuta ere; ez zaigu inolako jauzirik irudituko agintari politikoak haien alde agertzea, hori baita jendarte mailan espero dugun gutxienekoa; hori lorpen itzela izan da. Horrenbestez, homosexualitatea munduko txoko honetan nahiko normalizatutzat jotzen dugu, beste garai batzuekin alderatuta, eta beste herrialde askorekin, jakina, amildegia ikusten dugulako jokabideei eta eskubideei dagokienez. Baina amildegi hori ez da hain zabala, ezta hain sakona ere. Frantzian ikusi dugu. Homosexualak heterosexualen maila berberera hurbiltzeko -jartzeko ez, ordea- lege horrek, ezkontzeko eskubidea eman dienak, kristoren liskarrak eta erreakzio bortitzak eragin ditu. Eliza akuilu, horretan gauzak ez dira zipitzik aldatu azken mendeetan, aurreiritziek, mespretxuak eta harrokeriak badirautela erakutsi dute, sutsu erakutsi ere, euren moralean irainduta sentitu eta alde horretatik nagusi sentitzen diren horiek. Halakorik gertatzen ez den arte denak dirudi bare, dena normal. Hori da, hain zuzen, jendarte aurreratu, ireki, tolerante eta demokratiko gisa Eldorado erdietsia dugula pentsarazten digun tranpa. Baina erdeinua, aurreiritziak, nazka... azaleratu ez eta ezkutatzen den horretan bizi dira, makurtuta, ezaxolaz mozorrotuta. Ahapekako elkarrizketez, zeharkako aipamenez eta txantxa erako irainez elikatzen dira, ondorengoei transmititzen zaien horretan betikotzen dira, atez barrurakoan, alegia. Eta hor, esparru pribatu horretan, zenbat eta zenbat homofobo dagoen oraindik!

Horregatik behar dugu, jendartean gutxiagotzat jota eta diskriminazioa gainean biziarazten gaituzten guztiok bezala, publikoki agertu, geure ahotsa altxatu, elkartu eta batasunaren bidetik indartsu baino indartsuago esateko: «Oraindik ez gara heldu berdintasunera, eta ez gaituzue huskeriak emanez engainatuko». Isilarazitako gaiak agertoki publikora ekarriz, gauzei beren izenez deituz, etengabe, eztabaidari segundo batez ere utzi gabe; horrela lortuko da atariko «oraindik eragiten dituen bazterkeria sozial maila desberdinetara» horretatik erabateko eskubide berdintasunera idatzita bukatzea bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo