Laura Mintegi Lakarra, Diana Urrea Herrera, Lur Etxeberria Iradi | EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkideak
Emakume ausarten omenez
Alardeen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Eta berdintasuna oraindik oso urrun dagoela erakusten du
Lerroon bidez, jendarte justuago eta parekideago baten alde lanean diharduten emakume eta gizonen lana eskertu nahi dugu, eta ekainaren 30a hurbiltzen ari denean, bereziki gogoratu nahi ditugu Irunen eta Hondarribian alarde parekidearen alde hainbeste ahalegin egin duten eta egiten ari diren guztiak. Zorionak eta besarkada bat.
Duela 17 urte, Hondarribiko eta Irungo emakume batzuek beraien herrietako alardeetan parte hartu nahi izan zuten. 1996ko ekainaren 30ean, Irunen, 57 emakume eta beste hainbeste gizon konpainia batean sartu ziren, talde mistoari leku egiteko eskopetari batzuek ilarak zabaldu zituztenean. Horren aurrean, gizonen alardeko kideen eta herritar askoren erantzuna bortitza izan zen. Antzeko zerbait pasa zen Hondarribian urte bereko irailaren 8an. Ekintza horrek agerian jarri zuen ustez herriaren alardea zena ez zela benetan guztiena, gizonen alardea zela. Festa honek gizonak egiten dituela protagonista; gizonak, espazio publikoa okupatzen dutenak; festaz modu aktiboan gozatzen dutenak, emakumeak kantinera edo ikusle paperera mugatuta.
Urte asko pasa dira eta gatazkaren gordintasun maila aldatzen joan da, baina konpontzeke dago oraindik. Ez da lortu herritar guztiek alarde bakarrean parte hartzea, alardea herriarena izatea, emakumeena eta gizonena azken finean, herriotako udalek normaltasunaren itxura eman nahi duten arren. Alarde bakarra, publikoa baina baztertzailea egitetik bi alarde ezberdindu eta banatu egitera pasa dira; alarde parekidea, batetik, eta gizonen alardea, bestetik. Alarde publikoak zirenak pribatizatu egin dituzte emakumeen parte hartzea galarazten jarraitzeko.
Festak gure errealitatearen isla ere badira. Are gehiago, errealitatea islatu eta erreproduzitu egiten dute; emakumeek jendartean duten lekua irudikatzen eta legitimatzen dute. Lotuta daude baloreen munduarekin, jendarteko egiturarekin eta, bereziki, emakume eta gizonen arteko harremanekin. Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik oso urrun dagoela erakusten du. Orain arteko ordena soziala zalantzan jarri da, gizonen pribilejioak eta emakumeen rolak kuestionatu, eta horrek sekulako erresistentziak eta bortizkeria sortu ditu.
Hortaz, ezin ditugu gure buruak lasaitu eta ardurak saihestu. Alardeen gatazka ez da irundarren edo hondarribiarren arazoa soilik. Guztion arazoa da eta guztion betebeharra esparru horretan ere emakumeen eskubideak eskuratzea. Eta gatazkaren konponbidean ardura berezia daukate erakunde publikoek. Gatazka betikotzen uzteko tentazioa izan dezakete, bereizkeria «normalizatzen» uztekoa, nolabait esateko. Eta hori onartezina da. Ezin da diskriminazioa luzatzen utzi.
Hondarribiko eta Irungo alkateek eta udalek ardura berezia dute. Hasiera-hasieratik, hauspoa eman diete emakumeak baztertzen jarraitu nahi izan dutenei eta iskin egin emakumeen eskubideak bermatu eta gatazka konpontzeko betebeharrari. Eta horretan zeresan berezia daukate alkate eta udal hauen alderdiek, PNVk eta PSEk, jarrera hori mantentzea baimentzen baitiete. Erakundeen betebeharra alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzeko urratsak ematea dela uste dugu, gaia agenda politikoan ezarri eta lehentasuna ematea, etorkizun hurbilean herritar guztiek festa elkarrekin ospa dezaten, bakoitzak nahi duen rolean.
Duela egun batzuk entzundako Joseba Sarrionandiaren hitzak gogoan igeri dabilzkigu eta ezin bota gabe utzi: «Besteen eskubideak ez dira hasten gureak bukatzen diren tokian. Gure eskubideak hasten dira besteen eskubideak hasten diren tokian. Besteen eskubideak hasten dira gure eskubideak hasten diren tokian».