Sanferminetako feriaren aurkezpena
Gazteen txupinazoa
Jaunarena, Urrutikoetxea eta Zabaleta dira uztailaren 6an hasiko den torneoko berrikuntza nagusiak.
Jon ORMAZABAL
Asteburu honetan Euskal Herriko herri askotan festak izango diren arren, San Fermin jaiek ematen diete normalean hasiera udako pilota torneoen denboraldiari. Ohituraz, gainera, Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala izaten da, uztailaren 7an, San Fermin feriari irteera ematen diona. Aurten, ordea, egutegi arrazoiak medio, txupinazoaren egunean bertan, uztailaren 6an, jokatuko da gazteek protagonismo berezia izango duten binakako torneoko lehen partida.
Izan ere, egutegi moldaketotatik harago -San Fermin egunean eguerdiko jaialdia baino ez da izango eta ez da gauekorik jokatuko-, pilotari gazteen parte hartzea izango da aurtengo Iruñeko feriaren berrikuntza nagusiena. Hain zuzen ere, orain arte bertan jokatu gabeak ziren Jon Jaunarena, Mikel Urrutikoetxea eta Jose Javier Zabaleta izango dira atzetik datorren belaunaldi berriaren ordezkariak. Leitzako aurrelariak Aitor Zubieta izango du atzelari, Zaratamokoak Jon Ander Albisu, eta, azkenik, Etxarrengo atzelariaren bikotekidea Xala izango da.
Betiko formatua
Berrikuntzak berrikuntza, txapelketak ohiko formatua izango du, hau da, hiruna bikotez osatutako bi multzo, denek elkarren aurka jokatuko dutelarik eta talde bakoitzeko onenek jokatuko dutelarik uztailaren 14ko finala. A multzoan Olaizola II.a-Beroiz, Bengoetxea VI.a-Begino eta Xala-Zabaleta izango dira. B multzoan, berriz, Martinez de Irujo-Barriola, Urrutikoetxea-Albisu eta Jaunarena-Zubieta.
Jaialdietarako sarrerei dagokionez, enpresek iazko prezio berberak mantenduko dituzte. Horrenbestez, egun berezienetan -lau eta erdiko finala eta binakako finala- kantxako sarrerek 50 euro balioko dituzte, eta, sarrera merkeenek, 20 euro, eta, gainontzeko jaialdietan, berriz, lehen solairuko kantxek 30 euro eta goialdekoek 15 euro.
Adierazpenen arloan, Mikel Urrutikoetxeak onartu zuen sekulako ilusioa egiten diola udako torneo batean titular gisa aritzeko enpresak eskaini dion aukerak. «Sorpresa handia izan da, ez nuen espero, baina buruz burukoan gustura ibili naiz, eskuak ere ongi ditut, eta horrek konfiantza ematen dizu. Enpresak aukera hau eman dit, eta, egia esan, oso pozik nago», adierazi zuen Pablo Berasaluze adiskidearen hutsuneari probetxua atera behar dion pilotariak.
Jon Jaunarena leitzarrak ere azken orduan jaso zuen atzoko Iruñeko aurkezpenera agertzeko agindua, eta, bere kasuan ere, ilusioa ikaragarria da, batik bat Titin bezalako izen handien aurretik aukeratua izan eta gero. «Aukera polita da, atzelari oso ona jarri didate gainera, eta, alde horretatik, ez daukat inolako kexarik. Ea zer ateratzen den», azaldu zuen.
Hori bai, txapelketa oso zaila izango dela barneratua du Jaunarenak eta partidaren bat irabaztea jarri du helburutzat. «Beste bost bikoteak ere oso onak dira eta iruditzen zait oso multzo gogorra dela gurea. Irujo-Barriola sekulako bikotea da, baita Urrutikoetxea-Albisu ere. Zaila izango da partidaren bat irabaztea, baina, tira, saiatuko gara», azaldu zuen.
Binakako txapelketan gertatu zen bezala, hasiera batean, badirudi enpresek asmatu egin dutela bikoteak osatzerakoan, eta, momentuz, ez da faborito garbirik ikusten. «Torneo polita geratu da, bikote guztiak oso ondo orekatuta daude eta edozeinek irabaz dezake. Hortik aparte, pilotari gazteak sartu dituztela nabarmenduko nuke, eta hori ere oso garrantzitsua da. Argi dago pilotaren etorkizuna euren eskuetan dagoela eta asko jokatzen dutela. Torneo erakargarria geratu da», nabarmendu zuen Aimar Olaizolak.
Abel Barriolak ere oso antzeko iritzia dauka. «Jende gaztea sartu dute, Jon Jaunarena, Urrutikoetxea eta Zabaleta kasu. Beroiz bera eta Jon Ander Albisu ere oso gazteak dira. Ikusten da beren tokia egiten ari direla, eta, alde horretatik, torneo oso erakargarria dela iruditzen zait. Aurpegi berriak ikustea polita izaten da, eta ea Irujok eta nik lan txukuna egiten dugun».
Añorga
Jolas Etxea Txapelketaren finalerdiak. Kadeteak: Beloki-Iturbe
Barañain (18.00)
Rico IV-Aretxabaleta / Tainta-Ladis Galarza; Bengoetxea VI-Beroiz / Idoate-Begino.
Galarreta-Hernani (16.00)
Matxin VI-Larrañaga / Otaegi-Aipuru III ; Ezkurra-Barrenetxea IV / Juaristi-Etxeberria III; Etxeberria IV-Olazar / Urtasun-Ion; Juanenea-Agirrezabala / Endika-Zubiri .
Al margen de la competición, la feria de San Fermín contará con otros puntos de interés como el homenaje que su empresa, Asegarce, realizará a Patxi Ruiz en los prolegómenos de la final del Cuatro y Medio el día de San Fermín o el Desafío Marco Real que se disputará la víspera de la final del torneo de parejas.
Finalmente, el acto en el que se pretende que Patxi Ruiz «reciba el reconocimiento de los aficionados» tendrá lugar momentos antes de la final del acotado navarro. «Hemos pensado que no hay mejor fecha que el 7 de julio y coincidiendo con la final del Cuatro y Medio navarro, un torneo que por lo menos ganó una vez, para que reciba el aplauso y el cariño de los aficionados», señaló el gerente de Asegarce, Iñigo Salbidea, en la presentación de ayer.
Por otro lado, siguiendo la costumbre de años anteriores, el sábado 13 de julio se disputará un desafío empresarial en el que Arretxe II y Ezkurdia se enfrentarán en el cuatro y medio, Retegi Bi e Idoate mano a mano y Titín III-Merino II a Olaizola II o Bengoetxea VI e Ibai Zabala por parejas. J.O.
Olaizola II.a-Beroiz, Bengoetxea VI.a-Begino eta Xala-Zabaletak osatzen dute A multzoa. B taldean, berriz, Irujo-Barriola, Urrutikoetxea-Albisu eta Jaunarena-Zubieta bikoteak daude.