GARA > Idatzia > Euskal Herria

SAIA eremuan prospekzioak egiteko baimena: Bizkaira eta Aiaraldera heldu da «fracking»-aren mehatxua

Araban sekulako erantzun soziala jaso ondoren, gas naturala lortzeko haustura hidraulikoa edo «fracking»-a Aiaraldera, Hego Uribera eta Arratiara hedatu nahi dute zenbait multinazionalek. Ama Lurra galzorira eraman dezakeen teknikaren kontrako plataformak martxan dira jada inguruotan, multinazionalak gelditzea xede.

p015_f01.jpg

Azkenaldian nahiko ezagun egin zaigun terminoa dugu fracking-a. Hedabide guztiak hasi dira haustura hidraulikoaren inguruan informatzen, bereziki Araban gas naturala eskuratzeko teknika hau aplikatzen saiatu zirenean jaso zuen erantzun sozialaren harira. Orain, Bizkaira eta Aiaraldera zabaldu da mehatxua, eta, horrekin batera, erantzuna.

Lakuak bi multinazional estatubatuarri Aiaraldea, Hego Uribe eta Arratiako herriak hartzen dituen SAIA eremuan prospekzio sismikoak egiteko emandako baimenak fracking-a lehen lerroan jarri du berriz ere. Prospekzio horien bitartez, SAIA eremuan haustura hidraulikoaren bidez gasa lortzea posible litzatekeen argitu nahi dute bi multinazionalek. Estatubatuarrekin batera Energiaren Euskal Erakundeak azpikontratatutako TESLA enpresa ere aritu da prospekzioak egiten, ikerketok Lakuaren esku daudela argi utziz.

Ikerketon ostean zerbait larriagoa etor daitekeelakoan, erantzun mugimendua sortuz joan da azken hilabeteotan Aiaraldean. Bertako partaideek GARAri azaldu diotenez, mugimendua pasa den urteko azken hilabeteetan jaio zen, «printzipioz, informazioa auzokideen artean zabaltzeko. Laster ikusi genuen, baina, gaiak jendetza biltzen duela. Fracking-aren inguruko hitzaldi batean 120 pertsona batzea lortu genuen, gure aurreikuspen guztiak gaindituz. Hor ikusi genuen gure burua antolatzearen beharra, eta, Arabako ereduari jarraiki, Fracking Ez Aiaraldea taldea sortu genuen». Mugimendua azkar hedatu zen beste herri batzuetara. «Egia esanda, guk herrietako batzarretan informazioa eman besterik ez genuen egin. Amorrua aldez aurretik hor zegoela pentsatzen dugu; gu sute horren txinparta izan ginen, besterik ez».

Haustura hidraulikoak dakarren mehatxua gizarteratzeko asmoz, manifestazioa deitu dute eragileok. Etzi egingo da, Ugaoko herriko plazatik abiatuta, 12.30ean. Antolatzaileek diotenez, «mobilizazioen dinamikan urrats logikoa da manifestazioarena. Inflexio puntua izan daiteke, baina argi izan behar dugu borroka ez dela bertan amaitzen».

Azken esaldi horren ildoari tiraka, galdera era naturalean sortzen da: manifestazioa eta gero, zer? «Oraindik lan ugari dago egiteko. Mobilizazioekin jarraituko behar dugu, prospekzioak ez direlako larunbatean amaituko. Oraindik kontzientziazio lan asko dago egiteko. Galdakao, Igorre edo Alonsotegi bezalako herrietan, fracking-aren inguruan dagoen ezjakintasun maila itzela da. Herri horietako zenbait lagun etorri zaizkigu galdezka, kezka badagoela erakutsiz, baina mobilizatzen hasteko bultzada eman behar zaie, antolatzen lagundu», azaldu digute.

Ikusten denez, informazioa zabaltzeari garrantzi handia ematen diote. Izan ere, auzokide askorentzat oraindik galdera airean da: zer da fracking-a? Erantzun hori eman ahal izateko, ezer baino lehen, gas naturala lurpeko bi hobi mota ezberdinetan batzen dela esan beharra dago. Hobi konbentzionaletan, gasa porositate eta iragazkortasun handia duten arroketan aurkitzen da. Hortaz, hobiok zuzenean bertikalki zulatzean, gasak automatikoki goranzko joera hartzen du, erauzketa erraztuz. Hobi ez konbentzionaletan, ordea, arbela, eskistoa edo lutita bezalako arroka iragazgaitzetan aurkitzen da gasa, eta, gasa atera ahal izateko, zulaketa horizontala eta sakona egin behar da arrokok pitzatu eta bertan dagoen gas apurra atera ahal izateko -fracking-a alegia-.

Erauzketa horrek, noski, badu bere alde iluna. Izan ere, haustura hidraulikoak sekulako kalteak eragiten ditu zulaketaren inguruko hamarnaka kilometroko eremuan: metano fugak, ur akuiferoen pozoitzea, atmosferaren kutsadura, animalia eta landareen habitat naturalak betirako hondatzea, lurrikarak... Fracking-ak loturik dakartzan ondorioak ez dira ez makalak, askotan salatu den bezala.

Mikel PASTOR

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo