GARA > Idatzia > Kultura

Mari Luz Estebanek maitasunaren eta askatasunaren arteko talka aztertu du lehen poema liburuan

Norberaren bidearen eta maite dituen horiekiko harremanaren artean sortzen den tentsioa du gai nagusi «Amaren heriotzak libreago egin ninduen» Mari Luz Esteban antropologo feministaren liburuak.

p041_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Maitasunaren eta askatasunaren arteko talka deskribatzen duen poema liburua kaleratu du Mari Luz Esteban antropologo feministak, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. «Amaren heriotzak libreago egin ninduen» izenburu deigarriarekin, norberaren sentimendu gatazkatsuen berri ematen digute poemek, idazlearen bizipenetan oinarritutako pasadizoen bidez.

Jose Angel Irigarai editoreak poesia liburu «gozagarri» moduan deskribatu zuen argitaratu berri duten hau, «oso pentsamendu gorpuztuak» biltzen dituelako; hau da, Estebanek trebezia handiz jakin duelako bere gogoetak paperean transmititzen. «Nabaritzen da liburua egin duenean osatuago sentitu dela -aipatu zuen editoreak- liburu laztangarria da, eta irakurlea laztantzen duena».

Idazleak bere liburuaren izenburuaren zergatia azaldu zuen. «`Amaren heriotzak libreago egin ninduen'-ek esan nahi du maite dugun pertsona bat desagertzen denean, hiltzen delako adibidez, kontrako sentimenduak ditugula. Alde batetik, pena sentitzen dugu, baina beste aldetik, askeak izateko baimena dugula sentitzen dugu». Hori da, hain zuzen ere, liburu honen ardatza. Gaiak anitzak badira ere, askatasun eta maitasunaren arteko talka eta tentsioa daude oinarrian. Horrez gain, heriotza, seme-alabatasuna, adiskidetasuna, gurasotasuna, sexualitatea, desira, emakume izatea eta denbora dira jorratzen dituen beste gaiak, berak bizi izandako bizipenak oinarri hartuta. «Biografia baten zenbait zertzelada eman ditut; horretarako zenbait gertaera, oroitzapen eta eszena hautatu eta deskribatu ditut», kontatu zuen Estebanek. Ideia horiek azpiataletan multzokatuta daude.

Antropologoaren ikuspegia

Liburua egiteko ideia beste liburu bat prestatzen ari zela otu zitzaion; alegia, «Crítica del Pensamiento Amoroso» (Edicions Bellaterra, 2011). Horregatik, bi liburuek harremana dute, lehena bigarrenaren inspirazio-iturria izan zelako, eta jarrera beretik idatzi dituelako; hauskortasunetik. Esteban antropologoa denez, ohituta dago jendearen portaerak aztertzen, baina ez zuen ikerketa bat egin nahi eta poesia hautatu zuen estiloz guztiz desberdina delako. Horrela, gordeta zituen testu zaharrak berreskuratu eta berriak sortu zituen, hiru urtera jada salgai dagoen poema liburu hau egiteko. «Kontuan izan hasiberria naizela», esan zuen txantxetan idazleak.

NARRAZIO POETIKOAK

Poesia eta narratiba batzen dira liburuan. Testuak bi generoen nahasketa dira, era xume eta biluzian idatziak. Idazleak ikerketa estilotik urrundu nahi zuen bere ideiak plazaratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo