Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea
Musikaren ateak
Musikaren ateak beti izango ditugu irekita. Musika lagungarri dugu bakardadea nagusitzen denean. Norberaren burua lasaitzeko balio dezake. Musikaren indarra gozagarria da horretara jarrita gaudenean. Batzuetan musikaren isiltasunak ere bere garrantzia du kontzentrazio ukitua ez galtzeko. Baina gogaikarri bihur daiteke ate guztien atzean musikaren bat egon daitekeelako ezinegona sortuz isiltasuna gura duenari. Musikak ateak ditu eta aterik ospetsuenak The Doors taldearenak izango dira. Euskal Herrian ateekin osatutako bat izan genuen 80ko hamarkadan, Ezkerraldean, Isidoro y su Colección de Puertas Plegables. Birziklatzeak ekarri digu beste ate mota bat, eta gurean inon baino lan eta eztabaida gehiago izaten ari da atez ateko hondakinen bilketarako urratsa. Baina hondakinak kudeatzeko politikak sortu duen ika-mika garratz eta uherrak gehiago du eskubikoak eta atzerakoiak diren politika sektario eta alderdikoitik beste inondik baino. Beste politika kontuetan «tolerantzia zero» aldarrikatu ohi dutenek ez dute zero zaborraren alde egin nahi izan. Baina pozgarria dena da zaborraren gaiak eraman dituela herri galdeketak egitera eta ekintza zuzena planteatzea borroka esparru bezala. Zergatik? Jainkoa eta Lege Zaharraren ezkutatutako eskuaren mende dagoelako. Zertarako? Duten zabor politiko eta ekonomikoaren usainak ez ditzan fagozitatu euren zabortegietan egindako diru akatsak. Baina interesgarriena da aukeratu dituzten lanabes politikoak: ekintza zuzena eta desobedientzia zibilaren bideak hartuko omen dituzte, ez bada atez ateko eredua suntsitzen. Borroka mota horiek, beraz, zilegi dira. Ez daitezela gero etorri lerdokeriarik esanez...