Aitziber Pz. KARKAMO | Kazetaria
Herriari galdetzeaz
Urte luzez ilegalizazioetan oinarritu den testuinguru politiko desitxuratua aldatzen hasi izanak, normalizaziorantz garamatzan moduan, zenbait egoera argitzen laguntzen gaitu.
Baztertua egon den ordezkaritza politikoari administrazioen kudeaketak berezkoa duen erantzukizunaren kariaz zailtasunak sortzen ari zaizkion bezala, beste askori kontraesanak azaleratzen ari zaizkie.
Urtetan bazterketa politikoari etekina atera dioten zenbaitzuek demokrazia parte-hartzaileari afizioa hartu diote. Txalotzekoa da herri-galdeketak bultzatzea eta asko gara horrelako lanabesak egunerokotasunean praktikan jartzearen aldekoak, baina autokritika gomendagarria da beti; orain atez atekoaren inguruan erreferendumak bultzatzen dituzten EAJko agintariak izanik, AHTren inguruko galdeketak, besteak beste, galarazi dituzten berberak.
PSEk ere ariketa demokratiko bat abiatu nahi du eta Sopelako herriaren izenaz galdetu nahi die bertako herritarrei. Orain hilabete batzuk, Sopelana zeneko Udalbatzak Sopela izen ofiziala ezartzea adostu zuen; talde sozialistaren aburuz, ordea, herri-galdeketa egin behar da Euskaltzaindiaren ikerketa eta gomendioei jarraiki harturiko erabakiaren inguruan.
Bitartean, PSNren sostengua duen Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranatzeko Udalak «Europako estatu independente berri bateko parte» izateari buruzko herri-galdeketa bat egiteko onartu zuen akordioa inpugnatuko du. Etxarriko ehunka herritarren sinadurei esker abiatutako ekimena izaki, horren kontra egin du sozialistek berauek babesten duten Barcinaren Gobernuak.
Memoriarik ezean, hemeroteka dugu eta lezioak ematekotan, begira diezaiola bakoitzak bereari.