GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Saioa Villanueva Zarandona | Sopelako alkatea

Herri olatua indartsuago eginez

Urte bi pasatu dira jada, alkatetza Sopelan lortu genuenetik. 2011ko udaberrian, hauteskundeen atarian, Euskal Herriak aspalditik bizi duen egoeraren aurpegi biak zeuden agerian. Batetik, ordura arteko aurpegi beltzaren jarraipena izan zitekeen Bilduren ilegalizazioa, eta bestetik, hainbat eta hainbat herritara aldaketarako aukera zekarren argia ere. Aukera bat; hori bilatzen genuen, eta lortu genuen.

Ni bezalako hainbat hautetsi ilusioz beterik abiatu ginen. Politikagintzan esperientzia eskasa genuen. Baina intentziorik gardenenek eta auzotar eta lagunen sostenguak aldaketa plazaratzera eta errealitate bihurtzera bultzatzen gintuen. Umeek lehen korrikaldia hasten dutenean bezala, aurrera ekiten genuen inozentziaz, alaitasunez, maitasunez eta lan egiteko gogoz.

Ez zen denbora larregirik pasatu «aldaketa» hitzak sortzen dituen erresistentziekin topo egiteko, politikagintzaren gordintasunarekin, alegia. Pentsamendu blindatuei loturiko indar eta sinesmen arriskutsuak izan ditugu aurrez aurre: «Hau beti honela egin izan da». Baina mugitzen ez dena atzera doa, eta, gu, batzuetan arin, bestetan astiroago, bidea egiten joan gara. Momentuak eskatzen duenari erantzun nahian, eta aldaketa bera ortzimugan galdu gabe, hori baita iraunkorra den bakarra. Gauzak egiteko beste modu bat dago eta praktikan jartzen ari gara.

Izandako abiadura handiko tren honetako esperientzietatik ateratako ondorioak honakoak dira; batetik, politikagintzaren eboluzioa eta herritarren beharren arteko sintonia parekatu behar direla, eta bestetik, aurrerapauso sendoak emateko alderdikeriaren eta gizartearen delegazioaren gainetik dagoen herria eraikitzea ezinbestekoa dugula. Baina hau, abiadura handiko tren honek duen martxan ateratako ondorio iragankorra besterik ez da.

Eskerrak, Sopela aldetik, kontrako korrontea zer den badakigun eta honen aurrean orain arte itxita egon diren bideak zabaltzen goazen, herri olatua pixkanaka indartsuagoa eginez. Eskerrak, nire egun grisenak uxatuz, Korrikak ekarri zuen euskal mareari edota Sopelako jai batzordeari, herriko kaleak koloretsu bihurtzeagatik, edota egunez egun beste hainbat ekimen aurrera ateratzen dituzuen lagun eta elkarteei. Batez ere, eskerrak, norberaren sinesmenetan oinarrituz herri bat, mundu bat aldatzea bilatzen duenari, baina batez ere zorionak honen guztiaren bitartez norbere burua aldatzeari ekiten dionari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo