LEKUKO ALDAKETA KORRIKAN | EDURNE BROUARD, KORRIKAKO ARDURADUN kargua utzi du
«Beste alaitasun batez aurrera goazela esaten hasi behar dugu»
Bidean aipatzen den bezala, Korrika ez da inoiz gelditzen; beti dago esku bat lekukoa hartuko duena hurrengoari emateko. Orain, azken sei edizioetan nazio arduraduna izan den Edurne Brouardek (Bilbo, 1959) pasatuko dio testigua artezkaritza kontseiluko kide Asier Amondori (Laudio, 1969). Ekimena «indartsu eta indartua» dago, baina egunerokoan isla eduki behar duela ikusten dute eta hori nola egin gizarteari planteatu nahi diote, «hau dena nola bideratu eta aurrera atera». Hemeretzigarren edizioak bertze puntu bat jarriko dio bideari.
Maider IANTZI | BILBO
«Ondo, harrituta» dago Edurne Brouard bere kargua uzteak izan duen oihartzunagatik. Pena du, baina lasaitasun handia ere bai. Korrikaren lekukoaren irudia duen lepokoa darama, AEK-k egin dion opari bat. «Bihotz ondoan eramatekoa da; beraz, bere lekuan dago duda barik», dio. Bideo bat ere prestatu diote lankideek; Aek.org-n ikus daiteke. «Sorpresa itzela» izan zen urteko ohiko batzarrean deskargua egin eta gero erakunde osoak eskaini zion omenaldia. Sentimendu handiz hartu zuen.
Erakundean segituko du. Lekeition bizi da eta bere asmoa Lea-Artibain eskolak ematea da. Hirugarren Korrikatik hona jardun da antolakuntzan. Bilbon bukatu zenez eta bertako AEK-ko arduradun zegoenez, azken egunaren erantzukizuna hartu zuen eta horrek eraman zuen Korrika batzordera. Azkenengo sei edizioak ardura nazionalean egin ditu eta aitzineko hirurak bigarren ardura nazionalean. «Egia da oso lotua nagoela Korrikaren ekimenarekin, baina hain zuzen horrek ere markatzen du atsedena hartu beharra, bestelako iritziak entzun beharra eta odol berria sartu beharra. Guk hainbeste jende daukagu prest eta prestatua halako lan bat hartzeko. Korrikak daukan dohainetako bat da lantalde giroa behar duela eta hainbeste urtetako lantaldeak jarraituko du, jende berriarekin. Horrek jarraipen seguru bat emango dio eta berritasuna esperientziarekin eta eskarmentuarekin nahastuko du». Hagitz Korrika ona egiteko moduan egonen direla uste du.
Ze profil du Asier Amondok?
Urte asko daramatza AEKn, 20 urte bai. Laudioko irakaslea da eta bertako arduran aritu da, Arabakoan ere bai, azken epealdi estrategikoan artezkaritza kontseiluko kide da eta azkenengo bi edizioetan bera izan da gure lotura artezkaritzarekin. Beraz, berria da zeregin honetan, baina esperientziaduna, eta nik uste ideia eta modu berriekin etorriko denez, onuragarria izango dela.
Jende anitzek egiten duen Korrikari aurpegia jarri diozu denbora luzean.
Lanaren banaketa da hori. Komunikazioan pauso inportanteak eman dira eta, akaso, iraultza horren aurpegia ni izan naiz, baina denborak horrela markatu duelako. Korrika gauza funtsezkoetan ez da aldatu, baina gizartea aldatu den neurrian gu ere aldatu gara. Gizarteari gure mezua bidali bai, baina gizarteak ze mezu bidaltzen duen ere hartu behar dugu kontuan.
Eta bide horretan hazten joan zarete. Aurtengo edizioa izan da jendetsuena.
Erdi txantxetakoa ere ematen du: noiz arte egongo da jende gehiago? Baina aurtengoan datu zehatzak ere badauzkagu. Facebook, Twitter eta halakoek ematen dituztenak, hor ditugun lagunak, diasporak hartu duen handitasuna, urtero agertzen da beste herri bat antzeko zerbait egin nahi duena... Ikastera joaten gara gehienetan, baina pozgarria da pentsatzea irakasteko ere badaukagula zerbait.
Gasteizko legebiltzarkide guztiek partekatu zuten kilometroa ere gauza berria izan zen. Zer garrantzi du horrek?
Lehenengotik 2.578.era egiten diren kilometro guztiak dira beharrezko. Baina Korrikak gure gizartearen konpromisoaren isla izan behar du; hau da, lekukoa hartzen denean konpromiso bat ere hartzen da Korrikak sinbolizatzen duen guztiarekin. Gizartearen ordezkaritzak horri baiezkoa ematea garrantzizkoa eta beti bilatu izan dugun gauza bat da. Alderdiek, eta erakunde eta pertsona esanguratsuek, beti eduki dute lekua lasterketan. Aldaketa on bat izan zen esparru instituzional guztia egotea kilometro bakarra partekatzen. Hor badago sinbolismo bat, euskarak batzen gaituela eguneroko liskarretatik aparte, edo xedea hori izan beharko litzatekeela.
Euskara ez duzue zatitzeko nahi, bizitzeko baizik.
Euskarak behar gaituen esaldi famatu horri aspaldi eman genion buelta: guk behar dugu euskara eta gure eguneroko bizitzaren komunikazio tresna izateko mantendu behar dugu.
Horretan garrantzitsuak dira euskara ikasleak, aurtengo omenduak.
2013an egonik, konturatzen gara oraindik milaka pertsona daudela euskaltegietara etortzen direnak beraien astitik denbora emanez euskara ikasteari; gainera, hori egiteko ordaindu ere egin behar dute eta ez gutxi. Beraz, esfortzu hori egiten duenak euskal komunitatearen errekonozimendu maila bat behintzat merezi du. Uste dugu oso ondo ulertua eta hartua izan dela. Beste mota bateko omenaldi bat egiteko aukera ere eman du, oso parte-hartzailea, mota guztietako jendea hartzen zuena, eta bizitasun bat eman dio Korrikari.
Euskararen egoera dela-eta gehiegi kexatu eta irudi negatiboa ematen dela uste duzu?
Kontu konplikatua da. 1980an lehenengo Korrika egin genuenetik urte andana pasatu da, eta, segur aski, momentu hartan inork ez zuen esango gauden moduan egongo ginenik, Korrikaren beharrean oraindik. Horrek esan nahi du ez dugula aurrera egin espero genuen martxan. Hori esan egin behar da. Baina horrekin batera esan behar da geure lanari esker hainbeste aurrerapauso eman direla eta horrek poztasunerako arrazoia eta aurrera egiteko oinarria ematen duela. Eta badut inpresioa, akaso, gehiegi zentratzen garela alderdi negatiboetan eta ez ditugula nabarmentzen hainbeste gauza positibo. Horiek ere egon dira, hemen badagoelako herri bat euskara salbatu eta euskaraz bizi nahi duela argi esan duena. Halakoak ere esan behar dira. Badiot arriskutsua dela, sarri onak aipatzen badituzu ematen duelako salbatutzat ematen duzula eta ez da hori benetako egoera. Bestea ere esan behar da. Baina uste dut hasi behar dela beste alaitasun batez esaten aurrera goazela, geure lanari esker izan dela eta prest gaudenez hemendik aurrera ere lan egiteko aterako dugula. Nik hor duda gutxi daukat. Nahia erakutsita dago. Orain falta dena da nahi hori benetan gauza dadin behar duenak behar diren bideak ipintzea, horrekin aurrera egin ahal izateko. Eta hor euskararen egoera oso konplikatua da jakina delako esparru administratibo, lege eta politika desberdinak dauzkagula. Baina zailtasun horiekin guztiekin hemen bagaude oraindik eta osasun onean bagaude, pentsatzekoa da osasunean aurrera egingo dugula.
Nafarroako kilometroetan, adibidez, jendearen gogo hori ikusten zen, Gobernuak bere hizkuntza propioaren kontra egin arren.
Hor ere aurrerapausoak ematen ari gara. Lehenengo aldiz historian UPNk UPN moduan hartu du Korrika Korrika moduan, entzun egin dute gure ahotik zer planteatzen dugun.
Erabakia hartua izanda, nola bizi izan zenituen azken Korrikako momentuak? Bukaeran «gora Korrika 19!» oihukatu zenuenekoa, edo azken kilometroa korritu zenuenekoa.
Horiek denak klasikoak dira: Amets Arzallusengana joan ginenean mezua idazteko eskatuz... Azkena izango da hori ere, datorren edizioan ez dut jakingo zer dagoen lekuko barruan! Niretzat oso bereziak izan dira oso kontziente nintzelako etapa honetan azkenak zirela. Baina protagonista Korrika zen eta ez Edurnek ardura utzi behar zuela. Hortaz, ez da aipamenik ere egin azken batzarrera arte. Apropos egin dugu ez dugulako uste aldaketa handirik edo beste munduko ezer datorrenik.
Korrikaren bukaerako ekitaldia bukatuta, hainbeste jende bildu eta xanpainarekin topa egitean, batasun hori betiko gelditzen dela erran izan duzu.
Korrika batzordea, AEKren artezkaritza kontseilua, furgonetetan eta bidean ibili den talde osoa, lasterketa lagundu duen prentsa... Halako jendea da hor biltzen dena. Ezin dugu xanpain botila baten inguruan bildu Korrikaren inguruan mugitzen den dena, baina saiatzen gara ordezkaritza bat egon dadin ospatzeko. Momentu horretan egiten duguna hori da, ospatu beste behin ere lortu dugula, jarri dugula herri oso bat dantzan eta dantza alaia izatetik aparte fruituak emango dituen dantza onuragarri bat egin dugula.
Baionako egun hori berezia izan zen, eguraldi onaz aparte, hainbertze jende ikustea. Ekitaldia izugarria izan zen.
Amets Arzallusen mezua oso ederra izan zen. Ondo ulertu zuen zer esan nahi genuen eta guk baino mila bider politago esan zuen. Nik uste lan tresna bat ere badela gure klaseetan erabiltzeko, gure mezua zabaltzeko. Eguraldiak lagundu egin zuen eta Baionak merezi zuen. Behar zuen eta merezi zuen Baionak. Ez du eduki zorte onik Korrikekin eta azken honek ekarri die zorte puntutxo hori. Baina zorteak alde batera utzita, argi dagoena da Ipar Euskal Herriak ere ikaragarri egin duela aurrera. Beste guztion konfirmazioa edukitzea inportantea da. Indarra emango die.
Korrikatik zer da gehien hunkitzen zaituena?
Oso zaila da hori esaten, azken batean Korrika dibertsitatea da. Nire historia pertsonalean, akaso, gure aitaren kilometroa, oso momentu berezia zelako. Gure aitak lehen hiru Korriketan hartu zuen parte, hiruretan lekukoa eramaten, protagonista gisa eta beste asko ordezkatuz, eta laugarrena heldu zenean ez zeukan egiterik hil egin zutelako eta AEK-k oparitu zigun kilometro hori, bere kontsultan bertan hasi zena. Eta hori bada arlo pertsonalean oso momentu inportantea norberarentzat; amarekin eta ahizparekin egin nuen gainera. Nik uste Korrika osotasunean badela edozein lekutan erakusteko ekimen erraldoi eta zoragarri bat. Kontua da ez gaudela ohituta edo atzerritarrak ez daudela ohituta herri honetan egiten diren gauza onak kontatzen. Baina hau kontatzekoa da. Ideia ere lantalde gisa agertu zen, eta denon artean egiten dugun ekimen bat izanik denetarik sartzen da hor eta dena da posible.
Jendearen gogoa izugarria da. Edizio honetan, elurretan, hotzetan, herritarrak bi ordu lehenago ikusten ziren beren kilometroan zain.
Lehenengo-lehenengo Korrikaren lehenengo gau hartan, elurra, euria, zeropean, negu giro ikaragarri batean, iluna... Arduraduna, Urtza Errasti, itxaroten zegoen ea lasterketa bazetorren, ez genekien hark zer eman behar zuen eta berak kontatzen du ikusi zuela aldapan gora zetorrela pertsona bat esku batean lekukoa zeramala eta bestearekin sorbaldan zeraman harri borobilari eusten ziola. Irudi horrek esan zion egin zutela, hau betiko dela.
Une onean utzi duzu Korrika.
Oso osasun ona dauka eta urte askoan aurrera egiteko moduan dago. Berriro ere diot nahiko nukeela behar dugulako egiten dugun azkena izatea hemeretzigarrena, baina sarri esan dugun moduan, behar ez dugunean ere, gozatzeko besterik bada ere, egin egingo dugu. Ospatzeko heldu garela ez behar izatera Korrika bezalako ekimen bat. Hori ere helduko da egunen baten.