GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zergatik hautatu txarraren eta okerraren artean?

Iragan astelehenetik aurrera ehunka mila euskal langileen lan hitzarmenak jada indarrean ez daudela aprobetxatuz, handik eta hemendik ugaritzen ari dira langileei jakinarazpenak: «lan hitzarmenik gabe zaudete», eta, hortaz, «soldatetan murrizpenak onartu» ala gainerakoan «lan hitzarmen espainiarra ezarriko zaizue». Hots, fatalismoaren erretolika: txarra eta okerra, beste hauturik ez dago, gaitza onartu ala hondamendirako prestatu. Zergatik, baina, ontzat eman hautu horren eskema? Burututako ekintzen politika horrek ez al du alternatiba gauzagarririk? Jakina badagoela.

Dozenaka enpresetan, baita enpresa mundutik kanpoko erakundeetan ere, hala nola, Nafarroako Ikastolen Elkartean, Kristau Eskola sarean, Hondarribiko Batzokian... denetan ari da dilema planteatzen. Edo soldatei aizkorakada ala hitzarmen espainiarra, hartu ala utzi. Kasuistikan kateatu gabe, bistan da lan baldintzen eta soldaten aurkako eraso hauen aurrean erantzun azkarra artikulatu beharra dagoela. Sindikatuek maila, beste maila bat, erakutsi beharko dute. Instituzioek -Gipuzkoan zaharren egoitzetan ala azpiegitura lan publikoetan hartu den jarreraren arrastoan- beren ekarpena egin beharko dute, patronalak erositako arbitro paper tristeari bizkar emanez. Patronala ongi estutu beharko da. Eta langileak hartara antolatu. Labana zorrotz eta gogoa prest. Horiek eta bi beharko baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo