UDATE
Lasse Hallström suediarraren «The Hypnotist» euskaraz iritsiko da zinemetara
GARA | DONOSTIA
Zinema euskaraz ikusi nahi duten herritarrek jada ez dute zain egon beharko pelikulak euskaraz filma daitezen edota Donostiako Zinemaldian pelikulak euskarazko azpitituluekin ikusteko. Izan ere, uztailaren 12an zinema aretoetara iritsiko da Lasse Halström zuzendari suediarraren azken filma, «The Hypnotist», ikus-entzuleek aukera izango dutelarik bere bi protagonistak, Mikael Persbrand y Lena Olin, euskaraz hitz egiten entzuteko, pelikula aldi berean euskarara itzulita estreinatuko baita, Oscar La Bretxa aretoan Donostian eta Niessen aretoan Errenterian.
Aurtengo Zinema Euskaraz «Hipnotizatzailea» filmarekin abiaraziko da. Programaren helburua herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen zein aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat eskaintzea da. Horrela, estatu mailan gazteleraz estreinatzen diren hainbat filmen kasuan, euskarazko kopia ere ikusgai izango da.
Ikerketa poliziala
Euskal Autonomia Erkidegoko aretoek hartuko dute «Hipnotizatzailea» lanaren estreinaldia, Lars Kepler idazlearen best seller ezagunaren egokitzapena. Stockholmeko familia baten hilketa basatiak poliziaren ikerketa abiarazten du. Arrastorik ez duenez, Joona Linn auzitegiko komisarioak Erik Maria Bark hipnotizatzaile ospetsuaren laguntza eskatuko du, bizirik atera den familiako kide bakarra, shock egoeran dagoen 15 urteko mutikoa, galdekatu eta desagertutako haren arreba non ote dagoen aurkitu ahal izateko. Ikerketak ustekabeko norabidea hartuko du Barken beraren semea bahitzen dutenean. Joan den urteko Zinemaldian Sail Ofizialean programaturiko pelikula honek, nazioarteko beste hainbat zinemalditan ere sari ugari jaso ditu.