UDATE | Iruñeko Sanferminak
Kaotikok eta Vendettak gidatuta, milaka lagunek beste gau berezi bat izan zuten Jai Gunean
Jai Gunea bikain erantzuten ari da iruindarrek luzaroan egindako esparru propioaren eskakizunari, eta horren erakusle da beste gau batez leporaino bete zela. Gaur eguerdian Runa parkeko gunean egingo den gazte bazkarirako txartelak duela egun mordoxka agortu ziren.
Aitor AGIRREZABAL |
Eguna joan, eguna etorri, Jai Guneak sanfermin hauetan duen balioa argi utzi dute bertaratutako milaka eta milaka pertsonek. Egitarau oparoak horretarako gonbita egiten du.
Eta asteartekoa, beste behin, gau berezia izan zen. Lehenengo, goizez, herri krosak eta, batez ere, hainbatetan sanferminetara ekartzen saiatu diren Pirritx, Porrotx eta Marimototxek kolore berezia eman zioten guneari. Arratsalderako, jendetza. Iragarrita zeuden Marianitoz Blai, Kaotiko, Sei Urte, Vendetta eta Pastors of Muppets, edozein ekitaldik sinatuko lukeen egitarau bat. Arratsaldea aurrera zihoan heinean, gunea gaztez betetzen hasi zen, Marianitoz Blai taldeak inguruak girotzen zituen bitartean. Horien atzetik irisi zen eguneko lehen eztanda. Kaotiko igo zen agertoki gainera, eta, eguzkiak oraindik gogor jotzen zuen arren, gazteriak erantzun aparta eman zuen. Aguraingo taldeak bere historiari errepasoa eman zion, Kaos Etilikoren garaietako abestiak azken urteetakoekin uztartuz. Hori amaitutakoan, bertaratutakoek atsedenerako tartea hartu zuten.
Belardiak lagun taldez bete ziren, ogitarteko eta garagardo freskoak lagunduta, indarrak berreskuratzeko asmoz. Gunea handia den arren, ez zitzaion asko falta izan txiki geratzeko. Gero eta gazte gehiago iristen ziren apurka, Euskal Herriko zoko guztietatik etorri ziren atzo sanferminetako egun seinalatua izan zen honetara.
Vendettarekin gunea lehertu
Indarrak ongi berrituta, dantzarako ordua iritsi zen. Vendettako kideek, Sei Urte taldearen lekukoa hartu zuten eta ehunka pertsona jarri zituzten dantzan. Talde nafarraren erritmo biziek festarako aukera aparta eman zuten, eta inor ez zen geldirik egoteko gai izan, gaua ondo sartuta zegoenean Arga ibaiaren ertzean.
Sanfermin hauetan parte hartzerik ez dutenak ere gogoan izan zituzten eta Poxtiña preso arbizuarrari eskainitako «Ekainak 24» abestiak markatu zuen gaueko momentu hunkigarria. Pello Reparaz abeslariak oilo ipurdia eragin zuen ikusleen artean. Hala eta guztiz ere, gauak oraindik une berezia zeukan gordeta, batez ere, Gora Iruñea! plataformako kideentzat. Izen berbera duen abestia izan zen Runa parkean oihartzunik ozenena zabaldu zuena. Urteetako lanak izan duen emaitzaren erakusgarri izan zen festa oihu hori, Udaletik iritsi eta gainditutako debekuak gogoraztearekin batera.
Ska erritmoak amaituta, Pastor of Muppetsek itxi zuen gaua, dantzarako indarra geratzen zitzaienekin batera. Gora Iruñea! taldeak eta egun hauetan gunean lanean ari diren boluntarioek gaur ere dena prest izanen dute herritarrei jai giro paregabea eskaini ahal izateko, hain justu gazte bazkaria eginen duten egun honetarako.