GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bikotekideak jo eta Urumea ibaira erori da

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo Donostian, bere bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. Lakuak jakinarazi zuenez, eztabaida baten ostean emakumea jo zuen eta hau arroketara erori zen. Irunen, berriz, emakume batek gizonezkoa labanaz zauritu zuen, honek eraso ondoren.

p013_f02.jpg

GARA |

Emakume bat Urumea ibaira erori zen asteazken goizaldean, Donostian, antza aldez aurretik bere bikotekideak eraso egin ostean. Ertzaintza Ramon Maria Lili pasealekura bertaratu zen, eta bertan atxilotu zuten 41 urteko gizonezkoa, indarkeria matxista delitu batengatik. Hain zuzen, gizonezkoa izan zen Sos Deiak zerbitzura deitu zuena, emakumea pasealekutik ibaira erori zela ohartarazteko.

Lakuako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, suhiltzaileek erreskatatu zuten emakumea arroketatik. Pasealekura igo zutenean anbulantzia batek artatu zuen, polikontusioak zituela-eta. Ostean Donostia Ospitalera eraman zuten biktima, bertan ingresatuta uzteko.

Iturri berberen arabera, sorospen lanak burutzen ari ziren bitartean eta Ertzaintza bertan zela, atxilotuak emakumea iraindu zuen, eta heriotza mehatxuak ere egin zizkion. Agenteen aurka ere oldartu zen gizona.

Indarkeria matxista delitua egotzita, gizonezkoa epaileen esku utzi zuten atzo goizean. Lakuako Segurtasun Sailak adierazi zuenez, iaz ere bere bikotekideari eraso egiteagatik atxilotu zuten.

Donostiakoarekin batera, Irunen beste indarkeria matxista kasu bat jazo zen. Azken honetan, 57 urteko emakume bat atxilotu zuen Ertzaintzak asteartean arma zuriz bikotekideari eraso egiteagatik, gizonak astindu eta lurrera bota ondoren, agenteek azaldu zutenez. Gizona Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten.

Polizia izapideak bukatu ondoren epailearen aurrera eraman zuten emakumea. Horrez gain, gizonari ere ireki zizkioten diligentziak genero indarkeria delitu bat egotzita.

Estrategia integrala

Hain justu indarkeria matxistaz mintzatu zen atzo Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko Herri Administrazio eta Justiziako sailburua Oñatin, «Genero Indarkeria: Elkarguneak» nazioarteko biltzarraren irekiera ekitaldian. Bere esanetan, Urkulluren Gobernuak ondotxo daki bere lana ezin dela mugatu «indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeez bakarrik arduratzera». Hori dela eta, arazoari «irtenbide integrala» eman behar zaiola defendatu zuen.

Hala, Erkorekak ezinbestekotzat jo zuen «prebentzioa, erakundeen arteko kooperazioa, sektore guztien trebakuntza eta herritarren sentsibilizazioa» sustatzea, «gizartearen gaitz hau gainditzeko gakoa baita».

Bestetik, sailburuak emandako datuen arabera, urtarrila eta maiatza bitartean 208 gizonezkok hartu dute parte tratu txarren emaileak errehabilitatzeko Lakuak martxan jarritako programan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo