UDATE
Zuhaitzen biblioteka
Interneten bilaketa bat eginda, berehala azalduko zaigu munduko xilotekarik handiena Yaleko Unibertsitateko Baso Eskolan dagoela, Conneticuten (AEB). Euskal Herriko handiena Zegaman dago, Andutzan museoan, eta gure herriaren zurezko biblioteka dela esan daiteke; hemen ordezkatuta ez dagoen arbola motarik nekez aurkituko dugu gurean.
Gotzon ARANBURU
Gaur egun «egurra» hitzetik aparte ez dugu besterik erabiltzen ia, baina «zura» ere badago, eta askotan bigarren hau egokiagoa da. Azkueren hiztegian begiratzen badugu, «egur: leña, bois de chauffage» aurkituko dugu, eta «zur: madera, bois de construction». Alegia, sutara botako dugun hori egurra da, eta altzariak egiteko erabilitakoa, zura. Erabilera bat edo bestea izanda ere, arbolatik datoz, eta arbolei kendutako laginekin osatu du Imanol Artolak bere bilduma ikusgarria, 1.600 piezatik gorako xiloteka.
Zegamako Andutzan museoa zuraren interpretazio zentroa da, eta hantxe daude jasota Artolak urte luzez bildutako zura-egur laginak. Ehunka kiloko enbor zatiak eta liburu txiki baten neurriko zur pusketak aurkitu ditugu hemen, zenbakia eta izena jarrita, baita jatorria ere: Euskal Herria, Europa, Amerika, Asia... Ezin egokiago argiztatuta daude eta gozamena da begirada gelan barrena paseatzea. Begiratzea bakarrik ez, hainbat pieza usaintzeko aukera ere badago. «Hartu usaina honi, hartu», esan digu Artolak, metrotik gorako diametroa duen enborra seinalatuz. Zedroa da, eta sudurra berarengana gerturatuz ondo ulertzen da zergatik erabili zuen Salomon erregeak bere jauregia eraikitzeko.
Gure artean xilotekak ez dira oso ezagunak. Badago bat Donostiako Easo institutu politeknikoan, altzarigintzako ikasleek erabiltzeko, eta Leitzako Jose Miguel Elosegik ere bilduma polita dauka, baina «biblioteka» nagusia Zegamako hau da, zalantzarik gabe. Xilografia edo xilofono bezala, «xylos» hitz grekotik datoz xiloteka eta xilotomia. Azken honek zura ikertzen duen zientziari ematen dio izena. Arlo honetako mundu mailako aldizkari nagusia `World of Wood' da eta, bertan diotenez, «benetan bere basoak eta arbolak zaindu eta kontserbatu nahi dituen nazio orok eduki behar du gutxienez xiloteka bat». Esan bezala, munduko xiloteka handiena Ameriketako Estatu Batuetan dago; bigarrena, Belgikan (Afrikako arbolaz osatua gehienbat), eta momentu honetan Indonesiako Bagorrekoa izango da, seguru asko, hirugarrena, 33.000 pieza baino gehiagorekin.
Zegamako paper fabrikan lan egiten zuenean ez zuen Artolak honelako lanik hartzea asko pentsatuko. Baina lantokia itxi egin zen eta basozain hasi zen. Eta horretan ari zela, Gipuzkoako Aldundiko teknikariek egur laginak jasotzera animatu zuten, ilargiak arbolen hazkundean zer nolako eragina ote daukan ikertu behar zutela-eta. Hala aritu zen, eta zazpi urte eman zituen enborrak bilatzen, zatiak mozten, eta lehortutakoan arrabotatzen eta lizatzen. Bakoitzari bi ebaki egiten zizkion, bata goitik beherakoa eta bestea zeharkakoa, eraztunak eta koloreak ondo ikus zitezen. Oñatiko guardaetxean eta Arantzazuko santutegian jaso zuen bilduma, baina hazten eta hazten joan zen eta azkenean Zegamako museo eder honetan bukatu du.
Bildumak 1.600 piezatik gora ditu gaur egun. Horietatik 173 Euskal Herrikoak dira eta gainerakoak, mundu osokoak. Aurrenekoa non hartu zuen ondo gogoan du Artolak. Arrasaten izan zen, Cunninghamia espezieko zuhaitz batekin topo egin zuenean: «Gipuzkoa osoan beste alerik ez zela igual izango pentsatu nuen eta zatitxo bat gordetzea erabaki nuen. Ondoren, teknikariek animatu ninduten eta hala hasi nintzen serio bilduma osatzen». Garbi utzi behar da Artolak ez duela arbolarik botatzen enborra hartzeko, eta horregatik falta zaizkio Euskal Herriko hamar bat espezie bilduma osatzeko, oso gutxi geratzen direlako eta basoan oso ondo daudelako.
Bertako arbolen bilduma osatuta, kanpokoak bilatzeari ekin zion Artolak. Internetek asko lagundu dio horretan eta dagoeneko 1.500 lagin eskuratu ditu, baina bi milara gutxienez iritsi nahi du; «apaletan oraindik tokia badago-eta», dio umorez. Kanpoko espezie asko, bai zuhaitz eta bai zuhaixka, Euskal Herrian bertan aurkitu ditu, lorategietan espezie exotikoak jartzeko dagoen ohitura dela-eta. Baina trukea da bildumagileek bildumak osatzeko erabiltzen duten tresna nagusia, eta horri esker munduko beste puntako egur motak ikus daitezke Zegaman, Fiji irletakoak edo Indiakoak, zenbaki eta izenez identifikatuta. Artola bera gidari aritzen denean gozatzen da gehien erakusketaz, asko baitaki eta dakiena taxuz kontatzen baitu.
Esaterako, gure artean insignis pinua hainbeste zergatik hedatu den ondo asko azaldu digu, enborraren aurrean: «Begira, ikusten dituzu hazkunde-eraztun hauek? Badakizu urteko bat irteten dela. Bada ikusi enbor honek, berrogei urtetan, zer diametro handia hartu duen. Eta orain konparatu honekin, intxaurrarekin, eta ikusi hau zein gutxi hazi zen denbora berean. Hazkunde azkarrak, diruak azken batean, horrek egin zuen insignisa hain ohikoa gure mendietan».