GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Munduko bandarik txarrena

 

Uste dut munduko bandarik txarreneko partaide naizela. Lainoen uniformetasuna aztertzen duen akademiaren egoitza berriaren alboko solairuan, entseatzen dudala, eta gure entsegu lokalaren gainean, isilpeko polizia jubilatu bat bizi dela, eta honek zulo bat daukala egina bere etxeko solairuan gure desafinazio guztiak koaderno horixketan apuntatzeko.

Goizean etxetik atera, eta bere txakurrari biblia alderantziz errezitatzen zion emakumea zigilu ponderatuen ministerioan sartzen ikusi nuenean ohartu nintzela uste dut. Luzaro begiratu nion ideia hori buruan, laino marroi batek inguratu eta hezurretaraino irristatu zitzaidan arte. Orduan pentsatu nuen beste asko bezala munduko bandarik txarreneko partaidea nintzela. Ondoren (jarri Brownie Mcgheeren Rainy Day), inoiz musika ikasi gabe memoriaz minutu eta erdi baino gutxiago irauten zuen XX. mendeko edozein kantu bi koilararekin errepikatzeko gai zen gizonarekin gogoratu nintzen. Frank zuen izena eta hark musika maite zuen, eta ez hori bakarrik, bera ohartuta gabe ere, gauza handiak egiteko gaitasuna zuen. Ez munduko bandarik txarreneko kideok bezala.

Susmoa ziurtasun bihurtu zen, eta ziurtasuna, kondena. Nire lagun musikariak ikusi nituen, banan-banan, asmo txarrak ekiditeko partzuergoak Kafka kalean jarria zuen X izpidun makinatik pasatzen. Ez zieten esan zenbatek gainditu zuten proba, baina lepoa jarriko nuke erdiek ez dutela gainditu. Hauek ere, munduko bandarik txarreneko kideak direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo