GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Leintz Gatzagak bertako gatza ezagutarazteko jarduerak egingo ditu

Amaia GARTZIA | LEINTZ GATZAGA

Leintz Gatzaga (Gipuzkoa) herriak bere produktu nagusia, gatza, bista-bistan jarri nahi du. Turismoa eta bertako produktuen sustapena helburu, Barnealdeko Gatzagen Lehen Topaketak eta Gatzaren Eguna antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean.

Bertako produktuak bildu izan dituzten Jardunaldi Gastronomikoetan, herriari izena ematen dion gatzaren inguruan jarduerak antolatzen diren lehenengo aldia da aurtengoa, eta horrekin lotuta egingo dituzte bi ekintza entzutetsuok. Uztailaren 19an, ostiralean, gatzaga ezberdinak harremanetan jarriko ditu Barnealdeko Gatzagen Lehen Topaketak. Jardunaldi honetan herri bakoitzaren proiektuak ezagutuko dira, bakoitzak produktu garrantzitsu horri turismo arloan zein erabilera ematen dion eta horrek herrien garapen sozioekonomikoan duen eragina aztertuz.

Zehazki, Leintz Gatzaga bera, Gesaltza Añana (Araba), Gatzaga Buradon (Araba), Gesalatz bailarako Jaitz (Nafarroa) eta Poza de la Sal (Burgos) izango dira esperientziak partekatzen. Adibide gisa, goizetik sei eta erdiak arte iraungo duen topaketan, «Barnealdeko gatzagen ondarearen berreskurapen proiektuen erabilera turistikoa» izeneko hitzaldia eskainiko du Barnealdeko Gatzagen Elkarteko Katia Huesok 10:30ean. Bestalde, Añanako Gatz-Haraneko Fundazioko Alberto Platak Arabako gesaltza Unescoren Munduko Ondare izendapena lortzeko hautagaitza zertan den azalduko du 11:45ean. Horrez gain, beste hainbat gatzaga berreskuratzeko egitasmoen artean, gatzaren erabilera ugariak azalduko dituzte, osasun turismokoa, kasu, Elorriagako Bainuetxeko Jose Migel Galarregik eta Roberto Fuertesek 13:00etan emango duten hitzaldian. Bazkariaren ostean, bi bisita gidatu egingo dira. Bata, Leintz Gatzagako alde zaharrera, eta bestea, bertako gatza probatzeko aukera emango duen Gatzaren Museora.

Gatzaren Eguna

Festak ere badu tokirik gatza sustatzeko egitasmo honetan. Uztailaren 20an egingo den Gatzaren Egunean heldu zein gazteek «gatza ezagutzea» izango dute xede egingo diren jarduerek. Hala, gozotasuna alboratuz, horren ordez, talo, piruleta eta bonboi gaziak elaboratuko dituzte. Jakion eskualdeko kontserbagintza enpresa bisitatzeko aukera ere egongo da aurrez abisatuta.

Helduentzako jardueren artean «Iturriko gatza mahaian gozo» bisita gidatuak eskainiko dira 10:00etatik 13:00etara eta 16:ooetatik 18:00etara. Bestalde, gatz dastaketa egingo da 13:00etan Herriko Plazan.

Haurrentzat, ostera, goiz partean burutuko dira ekintzak. Besteak beste, gatzarekin egindako mandala, txokolate gazi tailerra, Oñatiko Txokolateixia eta Leintz Gatzagako Sorginak emakume taldeak antolatuta, eta txokolatez beteriko taloak egingo dira. Eguna girotze aldera kalejira egingo da Brasilgo musikarekin Lovisg&AR taldearekin 13:00etan. Arratsaldeko 19:30ean beste emanaldi bat eskainiko du talde berak.

Igandean Aretxabaletan ospatuko den II. Txakolin Eguna bezala, ekimen hauek Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen barnean sartu behar dira, uztail bukaera arte izango dena. Gatza behintzat ez zaie faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo