UDATE | CITY PASS
Denboran atzera egiten duen igarobidea
GARA | ZEGAMA
Uraren higadurak sortu zuen San Adriango haitzulo karstikoa, eta duela hainbat mende gizakiak koba zabaldu eta bere probetxurako egokitu zuen. Araba eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia bertatik igarotzen zen, eta oraindik ere, Aizkorriko galtzadaren aztarnak oso nabarmenak dira. San Adriango tunelera eta «Sandrati, denboran zehar igarobidea» erakusketara bisita tematikoa antolatu du Zegamako Turismo Bulegoak. Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatu du erakusketa. Aizkorri-Aratz Natur Parkean zehar ibilaldi bat egingo dute Sandrati kobaren historia luzea ezagutarazteko. Besteak beste, antzinako eraikinen aztarnak, indusketak egin ziren lekuak, 70 metro inguruko luzera duen pasabidea eta galtzada zaharrak ikusiko dituzte bisitariek. Koba ezagutu ondoren, Zegamako erdigunean dagoen Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentrora itzuli, eta erakusketa egongo da bertan ikusgai.
Uztaileko igandeetan eta abuztuaren 11n eta 18an izango dituzte bisitak. Horrez gain, indusketa arkeologikoan ere parte hartzeko, abuztuaren 3an eta 10an egingo dituzte irteerak. 9:00etan abiatuko dira Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentrotik. Helduek lau euro ordaindu beharko dituzte; gaztetxoek, hiru (zazpi urtetik beherakoentzat dohainik izango da). Izena emateko 943 802 187 telefonora deituta edo aizkorribidean@aizkorri.net webgunera jo.