UDATE
Salvador Espriu idazlea gogora ekarri zuten atzo Katalunian, jaio zenetik ehun urte igaro ostean
Artista kataluniarraren jaiotzaren mendeurrenean, haren omenezko kontzertua egin zuten atzo, Arenys de Mar-en. Euskal Herriari buruz idatzi zituen sei poema euskaratu ditu Aritz Galarraga idazleak.
GARA | BILBO
Ehun urte bete ziren atzo Salvador Espriu jaio zenetik, Kataluniako poeta, kontalari eta dramagilea (Santa Coloma de Farnes, 1913 - Bartzelona, 1985). Espriuk «El doctor Rip» (1931) eta «Laia» (1932) eleberriekin eman zion hasiera bere lanari. Ondoren, eleberri laburrak eta ipuinak argitaratu zituen. Pixkanaka mundu autonomo bat sortu zuen, Kataluniako itsasertzeko herri asmatu batean (Sinera, Arenys herria alderantziz idatzita). Gerra osteko Kataluniako idazle nagusietakoa da Espriu. Oso kultura zabala zuen, antzinakoa eta modernoa. Bere obran heriotza eta gizakiaren patua dira gai nagusiak; beti ere Kataluniako hizkuntzari, kulturari eta norabide historikoari erreferentzia egiten dien diskurtsoa azaltzen du.
Katalunian «Espriu Urtea» deitu diote aurtengoari. Ehunka ekitaldi egingo dira poetari gorazarre egiteko. Hain zuzen, atzo gauean izan zen haren omenezko kontzertu nagusia, Arenys de Mar-eko Sardana plazan. Sinerako agertokiak irudikatuz, hainbat artistak parte hartu zuten; Maria del Mar Bonet, Marina Rossell, Gerard Quintana, Monica Green, Roger Mas, Anna Roig, Didac Rocher, Rosa Pou, Ivet Nadal, Joan Colomo, Dolo Beltran eta Jordi Boixaderasek. Ikuskizunean musika eta antzerkia uztartu zituzten, Espriuren lanetan oinarritutako abestien laguntzarekin.
Espriuren lanak, euskaraz
Euskararen eta Euskal Herriaren zalea zen kataluniarra, eta bere asmoetariko bat Euskal Herriari buruzko poema bilduma bat idaztea izan zen. Proiektua ez zuen amaitu eta sei poema baino ez zituen sortu, 1965 eta 1970 artean idatziak eta «Pais Basc» epigrafearen azpian biltzen hasiak. Argitaratu gabe dagoen bat ere badela esaten duten, noizbait argitara ekarriko dutena. Espriuren jaiotzaren mendeurrenean, Aritz Galarraga idazleak oraingoz ezagunak diren sei ale horiek euskaratu ditu: «Ilargi», «Karlos Noblearen hilobia», «Haizea», «Bihar», «Gau», eta «Abesti bihoztun bat entzun nahiz».