PSren egoitza okupatu ostean, Seaskak bilkura lortu du Asanblea Nazionalean
Hendaiako ikastolaren finantziazio publikoaren debekuari erantzunez, Seaskak Baionako Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu zuen lau egunetan zehar. Presioak fruituak eman ditu, eta Seaskak Asanblea Nazionalarekin batzarra egingo du uztailaren 16ean.
GARA |
Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak gogor borrokatu ondotik, azkenean iritsi dira horren emaitzak. Hendaiako ikastolaren finantziazio publikoaren debekuari erantzuteko, Baionako Alderdi Sozialistaren egoitza lau egunetan zehar okupatu zuen Seaskak, eta horri esker Asanblea Nazionalarekin hitzordua adostea lortu du. Uztailaren 16an izango da, Parisen, Bourbon jauregian.
Estatu frantseseko Barne, Hezkuntza eta Kultura ministerioetako ordezkariak izango dira bilkura horretan, euskal parlamentariekin, Seaskako ordezkaritza batekin eta Estatu frantseseko murgiltze sistema guztiak biltzen diten Eskolim taldeko ordezkari batekin. Aste honetan, astelehen eta asteartean, ministerioarteko bilkura izan da Parisen, Seaskak eskatzen duen bilkura horri zein erantzun emango dioten deliberatzeko. Keinu horri erantzunez, Seaskak bere «borondate ona» erakusteko, okupazioa bertan behera utzi zuen joan den larunbatean bertan.
Kazeta.info webguneak zehaztu zuenez, Asanblea Nazionalaren egoitzan egingo den lehen lan bilkura horretara Seaskaren izenean Hur Gorostiaga zuzendaria eta Paxkal Indo presidentea joango dira. Horiez gain, Eskolim federazioko ordezkari bat izango da. Eskolimen, ikastolez gain, Calandreta (Okzitania), Bressola (Katalunia), Diwan (Bretainia) eta ABCM (Alsazia) elkartzen dira.
Parisko Gobernuaren aldetik, Hezkuntza, Kultura eta Barne ministerioetako ordezkariak izango dira bilkuran. Euskal parlamentariak ere gonbidatu dituzte hitzordu horretara. Negoziazioetan parte hartu duten Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuak eta Espagnac senataria ere izatea espero da.
Alderdi Sozialistak prentsa oharra plazaratu zuen Seaskaren okupazioagatik kexa agertzeko eta ekintzak «zilegitasunik ez duela» salatzeko