GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseilu Nagusiak AHT eraikitzeko diru gehiago ez ematea adostu du

Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak Bordele eta Hendaia arteko AHT egiten hasi arte finantziazioan ez parte hartzea proposatu zuen atzoko ezohiko batzarrean. Finantziazioaren deliberoa irailean bozkatuko da, baina gehiengoa ados da ordaintzen ez segitzearekin.

KAZETA |

Abiadura handiko trenaren finantziazioari buruzko ezohiko batzarra izan zen atzo Paueko Kontseilu Nagusian. Izan ere, AHT Pirinio-Atlantikoetako departamendura ailegatuko zelakoan Tours eta Bordele arteko tartea 30 milioirekin finantzatu du erakundeak. Aldiz, asteartean Jean-Marc Ayrault Estatu frantseseko lehen ministroak Bordele eta Hendaia arteko tartearen eraikuntza bederen 2030. urtera arte gibelatuko zela jakinarazi zuen, eta inoiz eginen ez den arriskua ere badela aipatu zen. Hori dela eta, Georges Labazee erakundeko presidenteak (PS) Bordele eta Hendaia arteko AHT egiten hasi arte finantziazioan ez parte hartzea proposatu zuen. UMPko kontseilari nagusi Max Brissonek finantziazioa salatu zuen: «Txeke zuria eman diozue Gobernuari. Euskal Kosta-Aturri Hiri Elkargoak gibelera egin zuen. Ez gaituzue entzun. Orain 30 milioiak galduak dira». Alain Iriart abertzaleak ere ideia horrekin bat egin eta tokiko garraioak garatu behar direla adierazi zuen.

Bordele-Hendaia arteko AHTren eraikuntzaren atzeratzea Akitania-Euskadi euroeskualderako «eta, beraz, Ipar Euskal Herrirako», berri «txartzat» jo zuen herenegun Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) presidenteak. Europako gainerako eskualdeen aldean «urteetako atzerapena» ekarriko duela gaineratu zuen. Alta, lehen ministroak aurkeztu inbertsio planean, bost urtero lehentasunen berrikuspena egingo dela agindu izanak eta proiektuaren aitzineko prestaketa lanekin segitzeko erabakiak AHTren «atea erabat itxia ez» dagoela pentsarazten dio. Horrenbestez, «uste baino epe laburragoan Bordele-Espainia loturaren egingarritasuna erakusteko inoiz baino gehiago mobilizatu» beharra dagoela adierazi zuen.

«30 MILIOI GALDUTA»

«Txeke zuria eman diozue Gobernuari. Euskal Kosta-Aturri Hiri Elkargoak gibelera egin zuen. Ez gaituzue entzun. Orain 30 milioiak galduak dira», erran zuen Brissonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo