GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jazotakoa argitu gabe lasai omen dago epailea

Miryam Viargues Tolosako (Okzitania) auzitegiko epaileak Jon Anzaren heriotzaren gaineko ikerketa bertan behera uztea erabaki du, eta fiskalari auzia artxibatzeko galdegin dio. Erabakia harrigarria da -edo izan beharko luke, herri honetan jada oso zaila baita epaile batek inor harritzea-; izan ere, oraindik ere auzi honetan gauza asko argitzeke baitago eta galdera asko erantzunaren zain. Alde horretatik, epaileak berak onartu du ohiz kanpoko gauzak, gauza «bitxiak», daudela kasu honetan, baina, hala ere, horiek ikertzen jarraitzeari uko egin dio. Jon Anzaren gorpua euskal militantea desagertu eta hamar hilabetera agertu zen, Tolosako ospitale bateko gorputegian. Inork ez du azaldu nola den posible hiri horretan bertan eta ingurune guztian bilatzen ari ziren pertsona baten gorpuak leku horretan ia urtebete ematea, inor ohartu gabe. Inork ez du azaldu nola den posible, eta zaila da hori horrela gertatu zela sinestea. Horrekin batera, Anza desagertu zen egunetik ustez Tolosako parke batean polizia batzuek topatu zuten egunera arte hamar egun pasa ziren, eta inork ez daki egun horietan berarekin zer gertatu zen. Ezer onik ez, emaitza zein izan zen ikusita. Viarguesek preso ohi donostiarrak «heriotza naturala» izan zuela esaten du, baina gertatu zitzaion guztia erabat «antinaturala» izan zen. Epaileak jakingo du zergatik esaten duen hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo