GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Espainiar arazoak

Halako batean, Carmen Albari txizagura kakalarri bihurtu zitzaion eta behar ez zuen lekuan zela jakin genuen. Cantinillo gaixoak, behar zuen lekura hanka egin nahian, behar ez zuen lekura salto egin eta hantxe topatu zuen dukea ez baina inperioaren ordezkaria, arauak betearazteko ardura omen duena. Arauak betearaztea, Albaren eta ardura bera duten beste hainbaten ustez, debekatzea da, baina ez arauek ez eurek ezarritako debekuek ez dute eurentzat balio. Elitea dira eta inork ez die zertan esan zer egin behar duten. Halaxe esan zuen behin Albaren alderdikide Jose Maria Aznarrek: «Niri ez dit inork esan behar zenbat kopa edan ditzakedan». Ez dagoela potrorik esatea baino ez zuen falta izan orduko hartan. Aznarren eskolako ikasle aurreratu eta haren Gobernuko bozeramaile Miguel Angel Rodriguez uste berekoa zen, orain aspaldi ez dela ikusi genuenez. Hala ere, gaitasun handiko gizona dela erakutsi zuen. Ez naiz ministro lanaz ari, egin zuen balentriaz baizik: aparkatutako hiruzpalau auto jo ondoren, kotxea gelditzeko gauza izan zen, alkoholimetroari eztanda eginarazteko moduko aitzurra zeramala. Con un par.

Elitea legeen eraginetik kanpo dago, behar ez den lekuan eta behar ez den moduan egoteko eta edozer egiteko, gerra zikinetik besteontzat delitu ekonomiko direnetaraino. Horiek horrela, ez dut ulertzen zer dela-eta agertu izan diren doña Maria Dolores de Cospedal, Rajoy eta enparauak ez dutela legez kanpoko ezer egin esaka, PPko buruzagien gainsoldatak eta alderdiaren finantziazioa legezkoa den ala ez batere garrantzirik gabeko kontua da eta. Baten batek esango du botoak galtzeko beldur direla. Lasai asko egon daitezela, horregatik ez dute botorik galduko-eta, behin eta berriz frogatuta dagoenez. Harritu egin gintuen Galizian, «Prestige»ren laguntzarekin, PPk eragin zuen hondamendiaren ondoren, alderdi horrek erabateko gehiengoa lortu izanak; ez horrenbeste, berriz, Valentzia eta Mediterraneoko alderdi hura ustelkeriaren erresuma bihurtu ondoren gauza bera gertatu izanak.

Espainiaren arazoak ez dira horiek, AVTk seinalatzen dituenak baizik. Orain, esate baterako, larri gaixorik dagoen lagun bat «garaiz» hil ez izana. Horregatik kartzelatu nahi du fiskal jaunak. Sinestezina...?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo