Floren Aoiz | www.elomendia.com
Hiru koloretako trapua besterik ez zen eta...
Ikurrinaren argazkia historikoa da dagoeneko, baina ikurrinak berak, argazkietan ateratzeaz gain, argazkia egiten laguntzen digu. Agerian utzi ditu batzuen eta besteen portaerak
Zer dira banderak, bada? Trapuak dira, oihalak, kolore bakar edo anitzekoak, ikusgarriak, solemneak, dotoreak, itsusiak, handiak, ttikiak. Maitatuak, gorrotatuak, hunkigarriak, nazkagarriak...
Ideia, emozio eta erreakzio ugari pizten dituzten trapuak dira, beraz. Izan ere, zerbait adierazten duten trapuak dira banderak. Adierazten duten horri erreparatu behar zaio, trapu guziak berdin hartzeko ergelkerian ez erortzeko. Supermodernoa izanen da, batzuen ustetan, banderak mespretxatzea, baina jendarte arazoak eta, gurean bezala, hainbat polarizazio sozial eta politiko ulertzeko, ezinbestekoa da bestelako begiradari eustea.
Trapu eder bat zabaldu zuten Iruñeko udal plazan uztailaren 6an. Horretaz ari naiz, jakina. Lurrikara ekarri zuen trapuaz, hots. Ez da ohiko gauza eta hainbatendako izugarrizko kommozioa ekarri zuen. Aski kommozionatuta zeuden udal agintariak, hori argi dago, ergelkeriak aipatzeaz gain erabakirik hartzeko ezintasun nabaria azaldu zutelarik.
Ez genuke ahantzi behar ikurrina handi hura zintzilikatu aurretik, gogotik aritu zirela poliziak herritarren kontra. Neuk ikusi ahal izan nituen aztarnak Txelui Moreno lagunaren gorputzean. Jipoi horiek eman eta agindu zituztenek une batzuetara izan zuten ustekabeak milaka lagunen poza ekarri zuen. Jipoien porrota agertzen zuelako. Indarkeria errepresiboaren ezintasuna adierazten zuelako.
UPN eta erregimen nafar-españolista ahuleziak jota daude. Sinesgarritasun mailan izan duten higadura biderkatzen ari da eta txupinazoaren aferaz erakutsi digute ez direla eguneroko erronkei aurre egiteko gai. Esan genezake beste urrats erraldoi bat egin zela uztailaren 6an erregimenaren hegemonia urratzeko bidean, kontingentziari erantzuteko ezintasuna begi bistakoa izan baitzen. Oso gaizki daude, ez baitute gerta daitekeena aurretik kontrolatzeko ahalmenik eta izugarrizko mugak dituztelako behin gertatuta erabaki bizkorrak hartzeko. Ez dira gai ezkutatu nahi duten hura munduaren aurreko Iruñeko sanferminen irudi ikusiena bilakatzeko.
Ikurrinaren argazkia historikoa da dagoeneko, baina ikurrinak berak, argazkietan ateratzeaz gain, argazkia egiten laguntzen digu. Agerian utzi ditu batzuen eta besteen portaerak. Erregimenarekiko jarrerak, batez ere. UPNren obsesioen leherketa, PSOEren ñabardurak, erregimenaren defentsaren barnean, UPNren gainbeheraren lohian ez itotzeko. Bildu, herri mugimendu eta kolore guzietako milaka herritarren arteko konplizitate ederra. Eta, jakina, Geroa Bairen egonezina. Tristea izan zela zioen Uxue Barkosek. Barkamena eskatu behar izan zuen gero, une horietan pertsona batzuekin izandako jarreraz. Arduradun politiko ausartak jende aurrean aitortuko luke izandako akatsa, baita barkamen publikoa eskatu ere. Ikurrinaren argazkiak erakutsi zigun batzuk ez daudela oraingoz erregimenarekin eta erregimenaren moldeekin apurtzeko prest.
Herritarren artean, berriz, aski aurreratuta dago erregimenarekiko haustura. Ikusi besterik ez zen milaka lagunen aurpegian ikurrina erraldoiak piztu zuen irribarre erraldoia!