GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | CITY PASS

Erromeria Egunaren XV. edizioa, gaur Errenterian

p050_f01.jpg

N.B. | DONOSTIA

Ereintza dantza taldeak antolatuta, hamabosgarrenez ospatuko dute gaur Errenterian Erromeria Eguna. Jendea baserritarrez jantzita agertzea estimatua izango da, baina ez da beharrezkoa. Derrigorrezkoa den bakarra parte hartzeko gogoa izatea da. Horretarako, dantza tailer anitz antolatu dituzte herrian, dantzan ez zekienak ikas zezan eta lehendik pixka bat zekienak are hobeto ikasteko.

Euskal Herri osotik etorritako taldeek hartuko dute parte, eta urtetik urtera gehiago dira izena eman nahi dutenak. Aurtengo berrikuntza biolin jotzaile baten presentzia izango da, perkusioa eta soinua lagun dituela. Aspaldiko erromerietan ohikoa zen biolina entzutea, egun arrunta egiten ez zaigun arren. Festa goizeko hamarretan hasiko da dianarekin. Bertan talde guztiak bilduko dira eguerdian kalejira eginez herrian zehar sakabanatzeko. 13.15ean neska-dantza egingo dute Zumardian, eguneko une garrantzitsu bat, duela hiru urte berreskuratu baitute dantza hau. Izan zuen arrakastak bultzatuta, urtero egitea erabaki zuten.

14.30ean 450 lagunentzako herri bazkaria egingo dute Koldo Mitxelena plazan. Bazkaloste polita egin eta gero, arratsaldeko seietan erromeria nagusia hasiko da berriro ere Zumardian, eta jendeak ere dantzatzeko aukera izango du une horretan. Arituko diren taldeen artean Aiko dago, taula gainean jardun beharrean, publiko artean ibiliko dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo